The Beach Boys, BBK Music Legends jaialdian

Bizkaie! 2019-01-18 11:53   Musikea

Bagilaren 14an joko dabe, Sondikako Ola auzoan.

Uda hasiereagaz batera ospatzen dan BBK Music Legends jaialdia sendotzen dabil urterik urtera. Aurten laugarrenez egingo dabe festibala Sondikan, Ola auzoko BBKren egoitzan, eta egitarauko izen nagusiak lotzen hasi dira dagoeneko antolatzaileak.

Bagilaren 14an, lehenengo egunean, The Beach Boys talde beteranoak joko dau Sondikako oholtzan, BBK Music Legends jaialdiak baieztau barri dauenez. Aurtengo edizinoko kartelburu nagusietako bat izango da talde kaliforniarra. Hilaren 15ean, Ben Harper & The Innocent Criminals izango da gaueko kartelburu, antolatzaileek lehenago iragarri ebenaren arabera. Hurrengo asteetan talde gehiagoren barri emongo dabe.

The Beach Boys Kalifornia hegoaldeko kostaldean sortu eben 1961ean, surf eta rock giroak buztartzeko asmoz. Sasoi haretan punta-puntan ebizen rock&roll eta antzeko doinuetan oinarritu arren, ganerako taldeetatik bereizten zituan soinua topau eben. Batetik, hondartza eguzkitsuetako giroa gogora ekarten daben melodia freskoak ziran euren ezaugarria; bestetik, taldekideen ahotsen koruak be ezagunak egin ziran mundu osoan.

Urteek aurrera egin ahala, The Beach Boysen musikea be aldatzen joan zan, eta gai arinetatik sakonagoetara salto egin eben, rockaren munduan bide barriak topeteaz gan. Barritzaileak eta beste talde batzuen eredu izan dira luzaroan. Azken urteetan gorabeherak izan ditue, taldekide barriak sartu diralako eta lehen baino kontzertu gitxiago emoten dituelako.

BBK Music Legends jaialdira joateko sarrerak eta bonoak salgai dagoz dagoeneko. Egun bietako kontzertuarako bonoak 100 euroan saltzen ditue, eta egun bakarreko sarrerak, 60 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu