Asier Amondo: 'euskereak egintzearen fasea klikau behar dau'
2019-02-18 08:05 BarriketanKorrikako koordinatzailea.
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten dan euskerearen aldeko ekimen erraldoia da, euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua batzea ditu helburu.
1980an, Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu eban lehen Korrika antolatu zanetik, 20 Korrika eta 39 urte joan dira. 2019ko apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu barik, bi mila kilometro baino gehiago euskerearen alde, edade eta mueta guztietako milaka lagun tartean dirala, gau eta egun. Bateren baterk jakin gura badau, apirilaren 10ean helduko da Korrika Bizkaira.
Aurten, 21. Korrikan, Gares eta Gasteiz dira hasiera eta amaiera puntuak eta tartean bi mila kilometro baino gehiago egingo ditue, apirilaren 4tik 14ra.
Asier Amondo (Laudio, 1969) AEKko kidea da eta berak emongo deuskuz azalpen guztiak:
1.- Gero eta hurrago dago 21. Korrika hasteko eguna. Dana ondo, zeintzuk dira burukominak orain?
Bai, pozik gabiz baina burukominak asko dira. Korrika Kulturala eta aplikazinoa aurkeztu doguz egunotan eta datozenetan, unidade didaktikoa, kantua eta bestelakoak etorriko dira. Egia esan, apirilaren 4a, Korrikaren hasierea emoteko eguna noiz etorriko zain gagoz.
2.- Korrika kulturalean, ehunka jarduera baino gehiago, sei estreinaldi, Kalaportu, Egaña eta Zabalaren Enkarguz, Aikoren Garaikideak... Pozik zagoze?
Bai. Danetarik dakargula pentsetan dogu, diziplina aniztasuna, hain zuzen be eta mundu guztiarentzako gauzak dagoz. Kalidadezko eskaintzea atondu dogu arlo ia danatan eta txiki zein handien gustokoak, performance, jantzak, musikea, bertsoak, antzerkia...
3.- Alkarlana ete da Korrika Kulturalaren oinarria?
Alkarlana, auzolana da Korrikaren ardatza. Korrikaren bueltan milaka lagun gabiz, hau guztia ezin dabe hiruzpalau lagunek egin, eragilea askoren lana eta pasinoa beharrezkoa da, baita erakundeena be eta holan gabiz. Korrika Kultuarlean be bardin antzean, sortzaileei erakuslehio bat jarten deutsagu eta hori sano aberasgarria da danontzako. Korrika beti eskatzea ezin da izan, emon be egin behar da eta guk euskal gizarteari eskatzen deutsagu sartu daitela saltsa honetan.
4.- Loraldiagaz be alkarlana, Kalaportu obrea, Joseba Sarrionaindia tarteko, sano adierazgarria da...
Duda barik. Azkenean, orain arte Durangoko Azokan izan zanaren jarraipena da, Sarrionaindiaren bertsoak musikatuko ditue hainbaten artean eta Mireia Gabilondo be horren inguruko ikusentzunezkoa atondu dau, Audience izango da talde finkoa baina Eñaut Elorrieta be hor egongo da, Miren Narbaiza be bai, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.
Gure Oroitzapenak filma izan zan lehenengoa, geroago, izen bereko disko-liburua, orain Loraldiak kontzertua dakar; musikariak eta idazleak batuko dira eszenan Sarrionandiaren poesia kantu bihurtzeko. Kalaportu sentikariak Iurretako poetearen sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi dau. Beraz, Kontzertu poetikoa izango da, martiaren 15ean, Bilboko Arriaga Antzokian.
5.- Klika dator Korrika. Klika egitea aukera bat hartzea da, euskerearen aukerea hartzea, hautua egitea...
Korrika sasoi barrian dago baina ez da etenik behar; Kontua da danok be, gizarteak Klika egitea euskerearen alde, ez dakienak euskerea ikasiz, dakienak erabiliz, eragile, erakunde eta norbanakoek konpromisoak hartzea, danantzako dago zeregina. Gizarteak, euskereak hurrengo fasea klikau behar dau, egintzarena eta konpromisoarena.
6.- Garesen hasi eta Gasteizen amaituko da 21. Korrika. Zergaitik Gares?
Korrikaren konpromisoa edo idatzi bako araua da aurreko ekitaldia amaitzen dan herrian hasiko dala hurrengo Korrika. Gero, Gares eta Izarbeibar ingurunean upealako aurrerapenak egin ditue euskerearen alde eta pentsetan dogu merezidu dabela aurtengo hasierea han egitea.
7.- Kote Camachok zuzendutako Txillardegiren Klika. 21. Korrikarako egindako dokumentala be polito geratu da. Ikusi ez dabenentzako ze aukera dago?
Oso ederra da. Ikusgai dago dagoeneko you tube plataforman. Herrietan, Korrikaren aurkezpenetan be erabilten dabiz.
8.- Txillardegik euskaltzaletasuna ulertzeko modu barri bat ekarri eban, euskerearen batasunaren eragile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zan...
Omendua izateko nahikoa merezimendu ditu, Txillardegik klika hirukotxa egin eban, erdalduna zan eta euskaldun bihurtu zan; idazteko modu barria ekarri eban; eta Euskera Batuaren 50. urteurrena gogoan, Txillardegi eredu izan da.
9.- Korrikaren aplikazinoa be aurkeztu dozue, Akting enpreseak sortua; bertan egongo dira ikusgai emonaldi guztien datak, orduak eta lekuak; lasterketearen zehaztasun guztiakaz batera. Egun aplikazino barik ezin da bizi...
Bizi bizi daiteke baina gura ez dala be hor sartu gaitue eta gauza postibo danak erabilgarri egitea da onena. Gizarteari bidea erraztea da asmoa. Jenteak ez dau itxaron gura, berehala gura dau informazinoa; mundu digitalak agintzen dau eta kasu honetan oso erabilgarria izango dalakoan nago.
Aplikazinoan Korrika Kulturalaren menua egongo da eta behin Korrika hasita, jenteak ikusi ahal izango dau nondik nora dabilen, zein herritan eta bestelako jakingarri batzuk, norberaren kilometroa non dan, zein ordutan eta nondik pasauko dan Korrika eta bestelako informazinoak.
9.- Aurtengo kantua Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furiak egin dabe. Zelakoak izan ziran tartean pilatutako kritikak, alternatiboegia ete zan eta bestelakoak?
Mundu guztiari ezin jako gustau eta onartzen doguz eretxi guztiak. Guk gura genduan euskeratik urrun egon eitekeana euskerara erakarri. Estilo ezbardina baina bizi bizia, posmodernidadea, klasikotasuna testuinguru horretan jartea zan asmoa.
10.- Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasetan da eskuz esku korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek idatzitako mezua doa, ordura arte sekretupekoa...
Aurten be sekretupekoa da. Persona ezagun baten idatzi eta irakurriko dau mezua apirilaren 14an, 12:30ean, Gasteizen. Baina ezin deutsut ezer aurreratu; sinistu ala sinistu ez, AEKn be jenteak ez daki, ondo gordetako sekretua da.
12.- Korrikan parte-hartzeko bide ugari dagoz, eta horreetako bat da kilometroa erostea, tarte horretan lekukoa eroateko. Erakunde, enpresa, alkarte, lagun-talde zein norbanakoek erosi leikie kilometroa, diru ekarpen baten truke. Urtarrilaren 14tik erreserbau ahal izango dira kilometroak, AEK-ren bulegoetara deituta. Zelan doa erreserben kontua?
Oso ondo doa, jente piloa dabil deika eta datu zehatzik ez badaukat be, polito doala esango deutsut.
13.- Zer da Korrika laguntzailea? Zertarako balio dau?
Korrika Laguntzailea, Korrika babesten daben lagunak dira, milazak, hain zuzen be. Abantailak ditue, berbarako, Korrika Kulturaleko emonaldietarako sarreretan, zozketak be badagoz eta gogoan hartu Korrikak helburu bikotxa dauela, batetik, euskerearen sustapena eta, bestetik, helburu ekonomikoa, gure ikasleen Tafallan, Maulen eta Barakaldon antzeko egoerea bizi eta antzeko zerbitzua jaso deien.
14.- Korrikaren antolaketan be milaka lagun ibilten dira. Eurek barik, akabo...
Bai. Beti esaten dogu herririk herri Korrika batzordeetan dagozan lagunen babes barik ez garela ezer. Eurek barik, oso gatxa izango litzateke Korrika antolatzea.
15.- Korrika hemen eta munduan. Everesten be Korrika ibili ziran Alex Txikon eta lagunak baina aurten be makinatxu bat lekutan ibiliko da Korrika...
60 Korrika baino gehiago egon ziran aurrekoan eta aurten be, eskabideak hainbat lekutatik jaso doguz, berbarako, Papua Guineatik. Zabaltzen doan ekimena da eta sano pozgarria; euskaldun bat dagoan lekuan Korrika dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!