Artea neurtuko dabe domekan, Zeanuriko Eleizondon
2019-02-15 11:06 KultureaSan Balendin egunaren inguruko tradizinoa 61. urtez barrituko dabe.
San Balendin egunaren osteko domekan ospakizuna egiten dabe urtero Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izeneko ermitearen alboan. Aurtengo hitzordua hilaren 17an izango da, domeka honetan. Jaiaren momenturik ezagunena eta bereziena, bertan landatuta dagoan artearen zabalerea neurtzen dabenekoa da. 61. urtez egingo dabe neurketea, igaztik zenbat hazi dan jakiteko.
Antolatzaileen arabera, egitarau apala atondu dabe domekarako. 11:30etan mezea egingo dabe Andra Mari parrokian, eta ondoren, 50 metrora dagoan Piedadearen ermitara prozesinoan eroango dabe San Balendinen irudia.
Prozesinoa amaitutakoan, artea neurtzeari ekingo deutsie. Aktea sinatu, eta aurtengo maiordomo Julen Llanosek agiri-liburua eta giltza pasauko deutsoz hurrengo urtekoari. Barauskarria be ez da faltauko bertaratzen diranentzat: urdaia, parmitxea eta ardaoa. Txistulariek eta Arkaitz Estiballes bertsolariek alaituko dabe giroa.
Tradizinoa barrituko dabe, hortaz, zeanuriztarrek domekan. Orain dala 61 urte hasi ziran Piedadeko artea neurtzen, eta aldi baten bertan behera geratu eta gero, orain dala hamahiru urte berreskuratu eben ohiturea.
Julen Llanos aurtengo maiordomoaren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958an landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin egunaren osteko domekan, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen barri topau dabe. Lehena 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.
Tradizinoa apurka-apurka galdu zan, azken neurketea Kandido Intxaurragak egin eban 1999an. Papeltxu baten honakoa irakurri leiteke: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50. 2007an berreskuratu eben ohiturea, eta 2008an agiri-liburua zabaldu eben. Gregorio Lejarreta arduratu zan artea neurtzeaz 2007tik 2015era, harrezkero Igor Intxaurraga da neurtzailea. Igaz, 189,5 cm zabal zan artea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!