Ahoskerearen garrantzia azpimarratu dabe Gasteizen
2019-02-15 08:09 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiaren mendeurreneko laugarren jardunaldi akademikoa egin dabe.
Adituak ez eze, entzuleak be ugari izan dira Gasteizko Artium Museoan egindako jardunaldian, 106 lagunek emon dabe izena. Eta ahoskerea zer? izan da izenburua, ahozko euskerea zelan irakurri eta erabili izan dalako egitarauaren ardatza. Sarritan ahoskerea aintzat hartzen ez dan arren, hizkuntza baten normalizazinoan garrantsitsua dala azpimarratu dabe hizlariek.
Edegiera ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburua ez eze, honeek egon dira berbetan: Lourdes Oñederra Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeburua, Igone Martínez de Luna Arabako Foru Aldundiko Euskera diputatuak, eta Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Euskera zinegotzia.
Askok uste dabenaren kontrara, euskerazko ahoskerea arautu egin ahal dala ziurtatu dau Lourdes Oñederrak, gai erraza ez dala onartu arren. Gramatikearen eta hiztegiaren moduan ezin da erakutsi ahoskerea, beraz metodo desbardinak behar dirala nabarmendu dau. Umeek olgetan, negarrez, imitazinoz... ikasten ditue euren hizkuntzearen soinuak eta prosodia, berbak eurak ikasi baino lehen, eta horrek gogoetea egiteko aukerea zabaltzen dauela dino Ahoskera Batzordeko buruak.
Ahoskerea jagotea garrantzitsua da alor askotan, Oñederraren arabera. Batetik, hiztunari ziurtasuna emoten deutso eredu zehatz bat eukiteak. Bestetik, eremu soziolinguistikoan be, erderen nagusitasunari aurre egiteko bidea da. Dana dala, euskaldun zaharrak ahoskera eta doinu zorrotz batera behartzea be ez dala komenidu ohartarazo dau. Ahalik eta batasunik handiena helburu bada be, euskalki guztiak aintzat hartzea da Oñederraren aholkua.
María Heliodora Cuenca Villarín, Sevillako Unibersidadeko irakasleak egin dau berba ondoren. Honek be adierazo dau ahoskerea ikasi egin ahal dala. Ahozkotasuna lantzea onuragarria dala ganeratu dau, berba egiteko moduari ez eze, ulertu, idatzi eta irakurteko gaitasunei be mesede egiten deutselako. Eskoletan material aproposagoak eta arreta handiagoa eskatu ditu.
Azkenik, Julia Marin izan da hizlari Euskaltzaindiaren jardunaldian. Antzerki itzultzailea da bera, eta, hortaz, ahozko komunikazinoa eta ahoskerea gogoan izan behar ditu bere lanean. Esatearen ederra metodoa plazaratu dau Marinek, irakurritako testua ahoz zelan esan jakiteko jarraibidea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!