Mundu guztian ibiliko da Berri Txarrak agurreko biran

Bizkaie! 2019-02-14 13:49   Musikea

Euskal Herrian be, kontzertu gehiago antolatu nahi ditue.

Taldeak Barakaldoko Bizkaia Arenan emondako kontzertua (argazkia: Berri Txarrak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala 25 urte Berri Txarrak jaio zan lekuan, Lekunberrin, egin dabe agerraldia taldeko gaur egungo hiru kideek, agurraren inguruan azalpen zabalagoak emoteko. Izan be, orain dala aste batzuk Berri Txarrak desegingo ebela iragarri ebenetik, kontzertu askoren barri emon dabe, baina galdera asko geratu dira airean.

Galderetako bat, jakina, taldea zergaitik desegingo daben. Taldearen ibilbide oso-osoa ezagutu dauen Gorka Urbizuk, Berri Txarraken arimeak, emon ditu azalpenak. Lehenik eta behin, erabagia berea izan dala dino, baina beste kide biakaz, David Gonzalez eta Galder Izagirregaz berba egin dauela. Ez ei da bat-bateko erabagia izan, 2018an seinale edo mugarri batzuk sumatu ei zituan Urbizuk.

Momentu txarrak gaindituta, Berri Txarrak unerik onenean dagoala onartu dau Urbizuk, eta ederra dala orain ixtea. Bere bizitzako taldea dan arren, musikari legez hazteko erabagi hori hartu beharra izan dauela autortu dau. Gustura agertu da 25 urtean egindakoaz, eta eskerrak emon deutsiez taldeari babesa emon deutsien guztiei.

Kontuak kontu, Berri Txarrak Ikusi Arte Tour luzean sartzear dago. Bihar, barikua, emongo dau agurreko bira horretako lehenengo kontzertua, Gernikan. Zemendira arte, pilo bat kontzertu izan ditue iragarrita, baina Lekunberriko agerraldian nobedade gehiago emon ditue. Alde batetik, birea atzerrira helduko da: Udabarrian Mexikora eta Estadu Batuetara joango dira, eta uda ostean Asiara.

Bestetik, Euskal Herrian be kontzertu gehiago lotzeko beharrean dabizala baieztau dabe. Orain arte iragarritako kontzertuen inguruko ikusmina ikaragarria izan da, sarrerak agortu egin dira sarri. Horrenbeste jentek nahi ditu sarrerak, ze Iruñeko azken kontzertua bikoxtu egin behar izan eben, bezperan beste bat antolatuta, eta horretan be sarrerak berehala agortu ziran.

Urbizuren esanetan, 40 kontzertu inguru gehiago jo nahi leukiez, zale bakar bat be ez daiten Berri Txarrak zuzenean entzun barik geratu. Ganera, formatu erraldoiko kontzertu bat antolatzeko ahaleginean dabizala aurreratu dau, baina oraindino ez dago zehaztuta ez non ez noz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu