Berri Txarrak-ek bere jarduna etengo dau 2019an

Bizkaie! 2018-12-12 12:07   Musikea

Oholtzak itxi aurretik, agurreko bira luzea egingo dabe.

Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen izenean zabaldutako oharrak dinoanez, etenaldi mugabakoa egingo dabe 2019an hasita. 1994an sortu zan ezkero, 25 urteko ibilbidea beteko dau talde nafarrak datorren urtean, eta euren jarduna ixteko momentu egokia dala sentidu dabe.

Gorka Urbizuk azaldu dauenez, 17 urte zituanetik dabil taldean, hasiera-hasieratik. Mila kontzertu emon, mundu osoan ibili eta afizinoa ofizio bihurtu eta gero, nekea eta poza sentiduten ditu. Mende lauren batez deskantsurik ez dau hartu, eta higadura emozional eta fisiko horri aurre egitea gero eta nekezagoa egiten jakola dino Lekunberriko musikariak.

Berri Txarrak-egaz ziklo ahaztuezin bat ixteko garaia dala sentiduten dot. Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikadua eta sinplea da, dino Urbizuk. Oraintxe bertan gure erritmoak ez doaz parean, eta ez gagoz % 100ean jarraitzeko moduan. Zaleek ulertuko dabela uste dau.

Zikloak zarratzen jakin behar dala azpimarratu dau Urbizuk. Gauza asko egin doguz, geure modura egin be, ez dogu berehalakoan ahaztuko. Urrats bakotxeko, beti saiatu izan gara egindako horretan maitasun osoa jarten. Izango da astirik musikearen bidez bizitakoa eta biziarazitakoaz sakonago hausnartzeko. Momentuz gure asmoa drama edo nostalgia saihestu, bidaia haluzinante honegaitik topa egin eta zuekaz batera geratzen diran kontzertuez gozatzea da. Alkarregaz inozko ozenen egingo dogu oihu, arimea urratu arte!.

Hori guztia gogoan, agurreko bira luzea egingo dau Berri Txarrak-ek 2019an, Ikusi arte tour 1994-2019 izenburupean. Ospakizun birea be izango da, taldeak 25 urte beteko ditualako. Emonaldi asko izango dira, baina horreen barri aurrerago emongo dabela dino Urbizuk.

25 urteko ibilbidean, bederatzi disko, dokumental bat eta bilduma bat argitaratu ditu Berri Txarrak-ek. Euskeraz egindako musikea, Euskal Herria eta gizartea ikusteko modu sakon bat, mundu zabaleko ekitaldi garrantzitsuetara eroan ditu. Milaka eta milaka zale erakarri ditu uri handi zein herri txikietako plazetara. Euskerazko ehun abesti baino gehiagoko ondare hori bizirik egongo da baten batek entzun edo kantetan dituan aldi bakotxean, Urbizuren arabera.

Gu bagoaz, baina musikeak darrai: talde on piloa dago bazterrotan, euren kontzertuen entzuleen artean topauko gaituzue. Sortzen, bide barriak bilatzen segiduko dauela agindu dau Urbizuk, baina ezin jakin noz eta zelan bueltauko dan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu