II. Emakumeak eta Kirola biltzarrean, parte-hartzea eta bardintasuna aztergai
2019-02-14 09:51 KultureaZezeilaren 25 eta 26an egingo dabe topaketea, Bilbon.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibersidadeak II. Emakumeak eta Kirola Biltzarra antolatu dabe. Zezeilaren 25ean eta 26an, aztergai izango ditue arlo horretako azken aurrerapenak eta zailtasunak, bai eta etorkizuneko erronkak be, parte-hartzeari eta bardintasunari jagokenez.
Biltzarra aurkezteko agerraldian, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta Enplegua eta Bardintasuna Sustatzeko diputadu Teresa Laespadak parte hartu dabe, EHUko Barrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kulturgintzako errektoreorde Idoia Fernandezegaz batera.
Emakumeen kirolagaz lotutako jente ezagunak hartuko dau parte Espainia mailako kongresuan. Han izango dira, besteak beste, Paloma del Río, María José Rienda, Ainhoa Azurmendi eta Laia Sanz. Nekane Balluerka EHUko errektoreak be egingo dau berba.
Bilboko Bizkaia Aretoan egingo da biltzarra, Bardintasunerantz eskalatzen lemapean, eta Valentzian 2017an egindakoari hartuko deutso lekukoa. Hurrengo edizinoa Madrilen egingo da.
Teresa Laespadak azpimarratu dau bardintasunaren aldeko zeharkako lana dala erronkea. Ikaragarri interesetan jaku emakumeak kirolean daukan ahalmen sinboliko itzela. Emakume indartsu eta lehiakorretan, emakume txapeldunetan, gaurko neskatoek eredua ikusi leikie euren bizitzetarako.
Lorea Bilbaok, bestetik, zera adierazo dau: Kirol jardunak edade guztietakoak batzen ditu, eta aukera ederra emoten dau emakumeen lorpenak, ahalak eta indarra plazaratzeko. Kirolean aurrerapen handia egin dala bardintasunerako bidean, baina oraindino asko dagoala hobetzeko ganeratu dau. Hobe genduke ahalik eta azkarren helduko balitz danok gure kirolarien markak generoari erreparatu barik txalotzeko gauza garen eguna; egun horretan kirola normalizauta egongo da.
Idoia Fernandezek honako hau azaldu dau: Lehiaketako kirolaren eredua eta kirol-ikuskizuna dira nagusi agertoki publikoan, eta ez dira erakargarriak emakumeentzat. Zenbat eta gehiago hurreratu errendimenduaren eta lehiakortasunaren kontzeptuetara, txikiagoa da emakumeen kopurua. Batez be irakaskuntzan, jarduera fisiko askotarikoa eta inklusiboagoa irakatsi behar dala dino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!