Sei estreinaldi dakarz Korrika Kulturalak

Bizkaie! 2019-02-13 13:19   Euskerea berbagai

Ehundazak ikuskizun egongo dira Euskal Herri guztian.

Korrikako arduradunak eta kulturgileak, Gasteizen egindako agerraldian (argazkia: AEK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal kultureari bultzadea emon eta 21. Korrikako giroa berotzeko, herririk herriko programazino oparoa antolatu dabe hurrengo asteetarako. Alkarlanaren frutua da egitaraua, eragileak bidelagun izan ditue. Horren guztiaren barri emon dabe AEK-ko arduradunek Gasteizen egindako agerraldian.

Programazino zabal horren barruan, sei estreinaldi dira nabarmenenak. Aiko Taldeak Garaikideak aurkeztuko dau, jantzea entzungai eta musikea ikusgai egingo dauen ikuskizuna. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Musua erakutsiko dabe oholtzan, eta Hortzmuga Teatroak Jule antzezlanagaz hartuko dau parte Korrika Kulturalean.

Estreinaldien artean, Andoni Egaña bertsolariaren eta Xabier Zabala musikariaren Enkarguz be badago. Arte adierazmolde barrien atalean, Beñat Krolemek Oholtza performancea aurkeztuko dau. Azkenik, Loraldia Festibalagaz alkarlanean sortutako Kalaportu ikuskaria aitatu behar da. Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoak kanturako emoten dauen aukerea arakatzen da bertan, eta Euskal Herriko uriburuetako antzokietan ikusi ahal izango da. Lehenengo hitzordua, martiaren 15ean, Bilboko Arriagan.

21. Korrika apirilaren 4tik 14ra egingo dabe, baina Korrika Kulturala laster baten hasiko da. Asteon bertan, domekan, Berriozarren ikusi ahal izango da Garaikideak, eta hortik aurrera Euskal Herriko bazter guztietara helduko dira emonaldiak.

Aplikazinoa

21. Korrikaren APP edo aplikazinoa be aurkeztu dabe Gasteizko agerraldian. Telefono eta gailu adimendunetan erabilteko tresna horrek aurtengo edizinoaren inguruko datu ugari emongo deutsaz erabiltzaileari: Korrikaren ordutegiak, ibilbidea, abestia eta abar. Horrezaz gan, Korrika Kulturaleko ikuskizunen leku, egun eta orduak batuko ditu.

Akting enpreseak sortu dau Korrikaren aplikazinoa. Berau erabilteko argibideak emoten dituan bideo laburra be badago, ikusi hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu