'Lurra', sukaldaritza-proiektu jasangarri eta hurrekoa Chillida Lekurako
2019-02-13 08:49 Jan edanakProiektuaren filosofia ardatz hartuta, bertako eta garaiko produktuak erabiltea da oinarria.
Chillida Lekuk eta Orona Fundazinoak auzotasun-hitzarmen bat sinatu dabe. Lehenengo urratsa da alkarlanean sukaldaritza-eredu jasangarri bat jartea museoan, kafetegia eta catering zerbitzuak eta bestelakoak. Auzotasun-harremanak eta erakunde biek gure lurraldeagaz daben konpromisoa oinarri hartuta, Chillida Lekuk, bere fundazinoaren bidez, hitzarmen bat sinatu dau Orona Ideogaz. Alkarlan horren lehen emoitzea izango da museoko kafetegian Diámetro 200 eredua ezartzea, Orona Fundazinoak sortu eta sustatua. Horixe izango da Chillida Lekuren nobedadeetako bat apirilean, edegiten dabenean.
Bisitariek euren bisitan kafe bat hartzeko edo zeozertxu jateko espazioaren izena Lurra izango da; izen horren bidez, lurraldeagazko lotura estua adierazo nahi da, horixe baita Chillida Lekuren ezaugarri nagusia, bai eta Fede Pacha buru dauen sukaldaritza-proiektu jasangarri eta hurrekoaren ezaugarri nagusia be.
Lurra izendapenak erreferentzia egiten deutso Eduardu Chillidak materia legez erabilitako lurrari. Artista lanetan hasi zanean, uko egin eutson Chillidak buztinari, moldaerrazegia zala eretxita. Eskultorearen ustez, lurrak badau zeozer jatorrizkotik, jatorrira itzultzetik. Beraz, Lurra izenagaz, biei egin nahi jake omenaldia: Orona Ideok eta Chillida Lekuk lurraldeagaz daben lotureari, batetik, eta eskultoreak material horregaz lan egitean apliketan eban filosofiari, bestetik.
Naturea errespetetea eta bere lurraldeagaz loturea balio oso garrantzitsuak izan ziran Chillidarentzat haren obra osoan. Esangura horretan, Chillida Lekuren helburua eta filosofia bat datoz Orona Ideoren proiektuagaz, hain zuzen be, gizarte eta ingurune-jasangarritasuna oinarri dauen barrikuntza-ekosistema bat da Orona Ideorena, eta museotik kilometro bat baino gitxiagora dago haren egoitzea.
Helburu bigaz sortu zan Diámetro 200 proiektua: alde batetik, Oronako langileei eta bisitariei elikadura osasungarria eta jasangarria eskaintzea, eta, bestetik, tokiko ekonomiaren eragile aktibo bihurtzea, lehen sektorearena.
Eredu horri jarraituz funtzionauko dabe Chillida Lekuko kafetegiak eta catering zerbitzuak be. Oronaren Hernaniko lantokietako kafetegi eta jantokietan erabilten diran prozedurak erabiliko dira. Modus operandi hori erantzun handiz aplikau da bost urtez Oronan. Haren oinarria da bertako elikagaiak, garaian garaikoak eta ahal dala ekologikoak izatea elikadurearen oinarria, eta, holan, eragin positiboa lortzea lurraldean. Oinarrian, baserritarren lana dago; Hernaniren inguruan 200 kilometroko diametroan hazten eta heltzen diran produktuak erabilten dira.
Ekimen hau gizarte eta ingurumen-erantzukizunagaz jarduten daben hornitzaileen eta kolaboratzaileen sareari esker gauzatu daiteke. Horreen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Karabeleko finka agroekologikoa, Lur Lan nekazarien alkartea, Luis Irizar sukaldaritza-eskolea eta Diámetro 200 kontzesionarioa bera.
Holan hasi dira lankidetzan mundura edegita dagoan konpainia baten barrikuntza-ekosistema bat, Oronarena (enpresa, ikerketa-zentroa eta unibersidadea), eta museo bat, Chillida Leku, bere izakereagaitik munduan bakarra dan zentroa.
Lurragaz egindako lana da Eduardo Chillidaren lanaren eremu adierazgarrienetako bat. Artistea material horretara hurreratu zan haren itxura sendoagaitik eta blokean lan egin eikealako, baina, batez be hasieran, haren soinuak erakarri eban.
Holan azaldu eban eskultoreak: Belarriaren bidez adierazo jatan materia, Hans Spinner-egaz. Ni Saint-Paul-de-Vence-n nenbilen lanean (Frantzia), grabaduagaz. Eta zaratea entzun neban estudiotik. Behera bajatu, eta esan neutson Hansi: itxiko deustazu hau ikututen? Ikutu eta pentsau neban: ‘Hau bai airez sartzeko pelotea’. Frontoian esaten da hori, pilota airez joteko ondo datorrenean.
Fede Pacha
Fede Pacha sukaldariaren erretratua, ©MandragoraStudio
Federico Pacha Goikoetxea 1984an hasi zan sukaldean, Trini Goikoetxea amaren eskutik. Dietetikan eta Nutrizinoan diplomaduna da (UNED), eta Donostiako Luis Irizar Sukaldaritza Eskolako diplomaduna.
Hainbat jatetxetan lan egin ondoren, Luis Irizar Sukaldaritza Eskolara itzuli zan, irakasle. 2009-2010 urtean, bere jatetxea Slow Food-eko Km0 legez autortu eben. 2014tik, enpresaren bi tabernen eta Diámetro 200-Slow kafetegiaren koordinatzailea eta kudeatzailea da Oronaren instalazinoetan (Orona Ideon eta Lastaolan, Hernanin).
Oronari, Orona Ideori eta Orona Fundazinoa
Uri-mobikortasuneko konponbideetan espezializautako enpresa-talde bat da Orona, egoitzea Hernanin dauena. Taldeak 50 urte baino gehiagoko esperientzia dauka, eta Europa eta Amerikako 11 herrialdetako hogeita hamar enpresa baino gehiagok osotzen dabe. Orona Ideo enpresearen egoitza korporatiboan, barrikuntza-ekosistema bat sortu dau taldeak, eta ekosistema horretan bat egiten dabe enpresearen munduak, jakintzearen garapenak (ikerketa-zentroa eta unibertsitatea) eta gizarteagaz dauen konpromisoak; izan be, irabazi-asmorik bako erakunde horren bidez, Oronak ingurumengaz dauen konpromisoan eragiten dau).
Chillida Leku
Chillida Leku museoa barriztau egin dabe, eta 2019ko apirilean edegiko dabe barriro. Museoa Hernaniren kanpoaldean dago, Donostiatik oso hur. Aire zabaleko eskulturak ditu, eta, Zabalaga baserrian (XVI. mendean eregitako euskal eraikin tradizionala), barruan erakusketak egiteko gune bat. Leku hori aukeratu eban Eduardo Chillidak bere obrak jarteko, artisteak lotura handia izan ebalako bizitza osoan bertako komunidadeagaz, paisajeagaz eta Euskal Herriko arkitektureagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!