Nazinoartera helduko da 21. Korrika
2019-02-13 08:08 Euskerea berbagaiEtxepare Euskal Institutuak akordioa sinatu dau AEK-gaz.
Aurreko edizinoetan legez, aurten be atzerrira helduko da Korrikaren oihartzuna, Etxepareren eta AEK-ren arteko akordioari esker. Mundu zabaleko euskal etxeetan zein euskal kulturako irakurletzak dagozan unibersidadeetan Korrikaren inguruko jarduerak egiteko bultzadea emongo dau Institutuak.
Euskerearen aldeko lasterketa ospetsua hasi aurretik, giroa berotzeko jarduerak antolatzea ohikoa da munduko hainbat uritan, kanpoko euskal komunidadeen ekimenez. Hurrengo asteetan halakoak ahalik eta leku gehienetan egin daitezan lagunduko dau Etxeparek. Ganera, Korrika txikiak antolatzen dira uri askotan. Aurreko edizinoetan, esate baterako, Bartzelonan, Berlinen eta La Platan.
Horrezaz gan, Etxepare Institutuak bideo lehiaketea ipiniko dau martxan. Korrikaren garrantzia azaltzea izango da ikus-entzunezkoen helburua, eta atzerriko jenteak euskareagaz dauen loturea nabarmentzea. Sareetan ikusleen boto gehien jasoten daben bideo biek irabaziko dabe saria. Hain zuzen be, udan Euskal Herrian barnetegi batean ikasteko aukerea, bidaia eta egonaldia ordainduta.
Saritu bi egongo dira, lehiaketea bera be kategoria bitan banatuko dabelako. Horreetako batean, Euskara Munduan programan parte hartzen daben euskal etxeetako kideen bideoak hartuko ditue. Beste kategoria, euskerea eta euskal kulturea irakasteko irakurletzak daukiezan unibersidadeetako ikasleentzat izango da.
Jasotako bideoak martiaren 21ean ipiniko ditue AEK-ren Youtubeko kanalean. Erabiltzaileek gustokoenen aldeko botoa emon ahal izango dabe, atsegin dut botoiaren bidez. Apirilaren 1ean amaituko da botoa emoteko epea, eta biharamunean emongo dabe irabazleen barri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!