UEMAko gazteentzako topaketak ibiltariak izango dira aurten

Bizkaie! 2019-02-12 12:09   Euskerea berbagai

Usurbildik Arantzara joango dira, bagilaren 26tik 30era.

Udalerri euskaldunenetan bizi diran gazteen kontzientziazinoa bultzatu eta euskerazko astialdiko aukerak eskaintzeko, udalekuak eta topaketak antolatu izan ditu UEMAk azkenaldion. Aurtengo udan be halantxe izango da, Mankomunidadearen parte diran udalerrietako neska-mutilek topaketa baten parte hartu ahal izango dabe. Barritasuna zera da, topaketea ibiltaria izango dala, leku bakarrean egin beharrean.

Bagilaren 26tik 30era egingo dabe topaketea, baina izena emoteko epea zabalik dago dagoeneko. Apuntau nahi dabenek martiaren 31ra arte daukie. UEMAren webgunean zein 943 81 66 99 telefono zenbakian egin leiteke eskabidea, eta 89 euro da gazte bakotxeko prezioa. 14 eta 18 urte bitartekoek hartu leikie parte.

Salto! lemapean, topaketako parte-hartzaileek Euskal Herriko arnasgune zabalenetako bat zeharkatuko dabe bost egun horreetan, Gipuzkoako Usurbilen hasi eta Nafarroako Arantzan amaituko dabe eta. Bidean, Oiartzun eta Bera be ezagutuko ditue.

UEMAren arabera, gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskursoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, euskerearen normalizazino prozesuan daben zeresana ikusiarazoteaz gan. Hezkuntza araututik harago doan ekimena da.

Azken batean, euskeraz bizi diran gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa emotea eta horregaz efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskerearen lurgunea hedatzen segitzeko, adierazo dau Josu Labaka UEMAko presidenteak. Astialdiaren eta euskal kultureagaz lotutako egitarau erakargarriaren bidez, ahalduntze kolektiborako urratsa emon nahi da urteroko topaketa honegaz.

Gazteak animau daitezan, bideoa be plazaratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu