Karmele Jaio eta Edurne Alegria, Bruselan
2019-02-12 09:17 KultureaLiburu Azokan hartuko dabe parte, hilaren 14tik.
Euskerearen batasunaz, itzulpengintzaz eta literaturaz egingo dabe berba Karmele Jaio eta Edurne Alegria idazleek, 50. Bruselako Liburu Azokan, Foire du Livre dalakoan. Mende erdia bete dauen hitzordu garrantzitsu hori, batez be, frantsesez berba egiten dauen komunidadeari eta literatureari lotuta dago.
Zezeilaren 14an, azokearen lehenengo egunean, agertuko dira Jaio eta Alegria jentaurrean. Unifier les variations: l’exemple du basque (Ezbardintasunak bateratu: euskerearen adibidea) izenburupean, hainbat gai jorratuko ditue, euskerearen batasunak itzulpengintzeari emon deutsan bultzadea ardatz dala. Euskereak hizkera asko ditu, baina, paradoxikoa bada be, hizkuntzearen batasunak aberastasun editoriala ekarri dauela azalduko dabe euskal ordezkariek. Mahai-ingurua Anne Casterman itzultzaileak zuzenduko dau.
Saioa amaitu eta gero, Jaiok eta Alegriak liburuak sinatuko ditue, berbaldia egingo dan leku berean, hau da, Place de l'Europe gunean. Jarduerok TraduQtiv erakundearen eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz antolatu ditu Bruselako Liburu Azokeak.
Urtero 70.000 bisitari inguru izaten ditu Bruselako Liburu Azokeak, antolatzaileen arabera. 500 argitaletxe ingurutako mila autore baino gehiago izango dira aurtengo edizinoan, zezeilaren 14tik 17ra, eta 300 jarduera baino gehiago. Frantsesez idazten daben autoreak ez eze, beste hizkuntza batzuetakoak be konbidetan ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!