Arabako Errioxako ardaoen prezioek errekorrak hausi ditue nazinoartean

Bizkaie! 2019-02-11 08:00   Jan edanak

La Puebla de Labarcako herrian egin da XV. Uztaberri Eguna.

Upategiek euren ateak edegi ditue azken mahats batzeak emondako ardao gazteak ezagutarazoteko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak azaldu dauenez, Arabako Errioxako ardaoak prezio gero eta handiagoan bialtzen dira kanpoko merkatuetara, eta nazinoarteko merkatuetan errekorra hausi dabe, litroko 5,73 euroko preziora heldu baita. Merkatuen arabera, azpimarratzekoa da gure ardaoak ondo dabilzala Belgikan, izan be, bosgarren herrialdea da, garrantziaren aldetik, % 11,5 baino gehiago hazi ondoren. Erresuma Batua, barriz, beste muturrean dago, merkatu hori nabarmen kaltetu baita brexitak eragindako segurtasunik ezagaitik.

Tapia sailburuak ondokoa adierazo dau: Enpresak be ahalegin handia egiten dabiz euren produktuaren kalidadea eta bereizgarriak landuz, eta horretarako gure babesa dabe, bai babes instituzionala, bai antolakuntzakoa eta finantzieroa be. Helburua da ardaoa gure mugetatik harago sustatzea eta sektorean inbersinoak egiten laguntzea, merkatuaren eskarietara hobeto egokitzeko eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean eta, beraz, Euskadiko ekonomian be zati nagusi diran enpreson lehiakortasuna eta etekin globala areagotzeko.


Ardaoen esportazinoari buruzko 2018ko datuak

2018ko lehen 11 hilebeteetan, Arabako Errioxako ardaoen prezioek % 5 baino gehiago egin eben gora, eta litroko 5,73 euroko preziora heldu ziran, hau da, jatorriko izendapena daben ardaoen kategorirako Espainiako batez besteko prezioa baino zenbateko askoz handiagoa. Ardao beltzek eta gorriek markau eben prezioen igoera hori. Ardao zuriak, barriz, 3,34 euroko prezioan saldu ziran, 2017ko lehen 11 hilebeteetan egoana baino prezio txikiagoan.

Azpimarratu daiteke Izendapen hau daben ardaoak ondo dabilzala Belgikan, izan be, Belgika da orain bosgarren merkatua, % 7,5 baino gehiago hazi ondoren. Herrialde horretan sortutako diru sarrerak, ostera, % 11 baino gehiago hazi ziran. Beste muturrean Erresuma Batua dago, Arabako Errioxako ardaoen lehen helmugea izaten jarraitzen dauelako.

Sektore honetan Brexitaren eragina be igarri da nazinoarteko merkatuan eragiten dagoan ezegonkortasuna, izan be, Erresuma Batuan euskal ardaoen esportazinoak % 6,6 egin eban behera. Halan da be, kuotea galdu arren, Arabako Errioxako ardaoek Euskaditik gehien saldutako ardaoak izaten jarraitzen dabe.


Sustapenerako laguntza finantzieroa

2019-2020 kanpainiarako laguntzen zenbatekoa 7.500.000 eta 8.000.000 euro artekoa izango da, aurkeztuko diran inbersino proiektuen arabera. Aurreko ekitaldi bietakoa baino apur bat handiagoa da zenbateko hori, eta aurreikusitako inbersinoak, barriz, 16 miloe euro baino gehiagokoak izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu