Bilboko Azkuna Zentroak 2019ko Egonaldi Artisktikoak zabaldu ditu
2019-02-11 07:55 KultureaSorkuntzea eta produkzinoa sustatzea da asmoa eta sorkuntzako prozesuak herritarrakana hurreratzea.
Bilboko Azkuna Zentroak Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak 2019ko egonaldi artistikoen deialdia zabaldu dau berri garrantzitsu bategaz, musika esperimental eta soinu-artea oinarri dauen Hotsetan egonaldia eskainiz.
Azkuna Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu, zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketea, sorkuntzea eta produkzinoa sustatzeko, artelanak bultzatu, eta herritarrakana hurreratzeko.
Programa honek baldintza egokiak dakarz sortzaileentzako, material eta espazio aldetik, zentroak dituan programei eta ekintza-arloei lotutako sorkuntzako proiektuetarako. Aldi berean, hurreko sorkuntza-ehuna nazinoarteko kultura-inguruneakaz lotu, eta truke, lotura eta lankidetza iraunkorrak eta alkarregazkoak bilatzen ditu. Zeregin horretan, ahalegina egiten da beste zentro batzuekaz alkarlana bideratzeko, adibidez, Kubako Carlos Garaikoa estudioagaz eta Rotterdamgo Dansateliers jantza garaikideko zentroagaz. Sare horrek bide emoten dau prozesu artistikoak trukatzeko eta jarraipena izan leikiezan lanbide-harremanak sustatzeko.
Jantza garaikideko egonaldia Deialdia: Urtarrilak 1 - martiak 4
Jantza garaikideko egonaldia Dansateliers Rotterdam (Holanda) sorkuntza eta erakusketa-zentroagaz lankidetzan egiten da. Jantzan profesional diran artistei zuzendutako egonaldi hau aldi bitan egiten da. Lehena Azkuna Zentroan izango da, 2019ko irailaren 1etik 30era, eta pieza koreografiko bat ikertzeko eta sortzeko prozesua jorratuko dau. Bigarrena Rotterdamen izango da, Dansateliers-en, 2020ko zezeilaren 24tik martiaren 20ra arte.
Bigarren aldi horretan, egoiliarrak Dansateliers-eko taldearen aholkularitza artistikoa izango dau eskura. Aldi berean, Dansateliers Rotterdam-ek Holandako testuinguruari lotuta dagoan koreografo bat hautatuko dau, antzeko ibilbidea egin daian, deialdi honetan hautatutako egoiliarragaz harremanetan jarrita. Pieza bien estreinaldia batera izango da Rotterdamen eta Azkuna Zentroan.
Deialdi honen erabagia 2019ko martiaren 11n hartuko da.
Aurkeztutako proiektuak Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak eta Kristin de Groot Dansateliersen zuzendari artistikoak balioetsiko ditue.
Praktika artistikoen egonaldia. Deialdia: Urtarrilak 15 - martiak 17
Praktika artistikoen egonaldiak Kubako eta Euskadiko artisten arteko trukea sustatzen dau, espazio bietan ikerketa-aldi bat eginez, testuinguru artistiko desbardinetan eta bertakoetan ikerkuntzea eta lana bultzatzeko asmoz. Egonaldia Carlos Garaicoa estudioak Habanan dauen Artista x Artista programeagaz lankidetzan egiten da.
Bilbon aukeratutako personeak Kuban egingo dau egonaldiaren lehen zatia, urteko bigarren hiruhilekoan, eta Azkuna Zentroan bigarrena, uda ostean. Aldi berean, Carlos Garaicoa estudioak eta Azkuna Zentroak Kubako artista bat hautatuko dabe, eta horrek antzeko ibilbide bat egingo dau Bilbon egonaldia egiten dagoan artisteagaz 2019ko azken hiruhilekoan, zentroan bertan. Praktika artistikoen egonaldiagaz amaitzeko, sortzaile biek lanaren erakusketea egingo dabe Azkuna Zentroan.
Deialdi honen erabagia 2019ko martiaren 28tik aurrera hartuko da. Fernando Pérezek, Azkuna Zentroko zuzendariak, eta Lucia Aguirrek, Guggenheim Bilbao Museoko komisarioak, osotuko dabe aurkeztutako lanen balorazioa egingo dabenen epaimahaia.
Consonni radio Az-gaz. Deialdia: Urtarrilak 28 – martiak 1
Consonni-k, 2020ra arte Azkuna Zentroko kolektibo egoiliarrak irrati saio bat sortzeko deialdia zabaldu dau Consonni radio AZ proiektuaren barruan kultura kritikoa zabaltzeko. Kolektiboak deialdi publiko bat zabaldu dau Azkuna Zentroko irrati estudioan grabautako 4 saioko podcast programarako.
Erakunde kolaboratzaileak
Fundación Banco Sabadellek egonaldi artistikoen programea babesten dau, artea eta kulturea sustatzeko duen programearen barruan, Praktika Artistikoen egonaldia euskal hizkuntzea eta kulturea mundu osotik zabaltzeaz arduratzen dan Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!