Laura Uruburu: 'Irakurleen emozinoakaz bat egiten dau liburuak'
2019-02-11 08:02 BarriketanIdazlea.
Katigatu ninduzun librea nintzena izeneko nobelea plazaratu dau Laura Uruburuk, personen arteko hartu-emonetan, emozinoetan eta bizitzeak dakarzan kontrasteetan sakontzen dauen istorio mamintsua, benetako jazoerak narratibearen alorrera eroaten dituana. Labayru Fundazinoaren Urbegi bilduman argitaratu dabe liburu barria.
Urteak behar izan ditu Uruburuk nobelea idazteko. Batetik, idazte hutsaz gan, azterlan handia egin dauelako, hizkuntzearen zein edukiaren aldetik. Bestetik, lanak, etxeko ardurek eta jazoera batzuek denporea kendu deutsielako. Edozelan be, irakurle eta idazle amorratua da Uruburu. 1986an atera eban lehenengo elebarria, Dalila, hau dau bigarrena, baina hirugarrena argitaratu orduko ez dala horrenbeste denpora pasauko ziurtatu dau.
1.- Aspalditik ibili zara nobela hau idazten, eta azkenik kalean da. Zer dala eta behar izan dozu horrenbeste denpora?
Ez dakit zenbat denpora egin dodan idazten, ze hau ez da nire bizibidea, beste arlo askotan be ibili behar izan dot, eta asti askorik ez dot izan idazteko. Niri asko gustetan jat idaztea, zaletasuna da, baina tamalez ez dot denpora larregi izan urteotan. Hezkuntza Sailean lan egiten dot, gero etxeko zereginak, ama be banaz... emakumeoi lotuta askotan erabilten da kontzilizazinoaren kontzeptua, ba nire kasuan bene-benetako errealidadea izan da, dana buztartzea ez da erraza. Astialdia erabili dot idazteko, nik neuk be lasai hartu dot, arin amaitzeko beharrizanik be ez dot izan eta. Ganera, eten luzea egin neban, trafiko istripu larri baten ondorioz urte bi egon nintzan nire gaitasun guztiak berreskuratu arte.
2.- Beste lanbide bat dozun arren, idazletzat dozu zeure burua?
Bai, neure burua beti idazle ikusi dot, hori da nire gogoko zeregina. Irakurle amorratua be banaz txikitatik. Hasieran gaztelaniaz idazten neban, eskolan be holan ikasi nebalako, gero ahalegin berezia egin neban euskeraz alfabetatzeko. Beste ardura batzuk daukadazanez, ahalegina egin behar dot idazle izateko, denpora libreetako idazlea naz.
3.- Zelakoa izan da nobelea idazteko prozesua?
Idazten hasi aurretik azterlan handia egin neban, nire ohituretako bat da oharrak hartzea, txikitatik egiten dot, nire izaerearen parte da. Orduan, idaztera jesarri aurretik, atzean dagoan lan guztia da nabarmentzekoa kasu honetan. Entzule aktiboa naz ni, jenteagaz egotea gustetan jat eta apunteak hartzen dodaz jenteari entzun ahala. Hainbat eta hainbat koaderno daukadaz, lagunen kontuakaz, emozinoakaz, istorioakaz... hori neure alde izan dot. Baina hori antolatu eta literaturara eroan behar izan dot. Nobelea bera be, istorio erreal baten oinarritzen da, nik literaturara egokitu dot, apaindu eta aberastu, baina nobelako istorio nagusia ezagutzen dodan persona baten bizitzan oinarritzen da. Liburuko beste albo-istorio batzuk be benetakoak dira, ni testigu izan naz.
4.- Hizkuntza aldetik be lanketa berezia egin dozu.
Hori be txikitatik izan dodan jokerea da, beti egon naz adi, oharrak hartzen, berba bereziren bat entzuten izan dodan bakotxean. Nire erreferentziazko euskerea gurasoena izan da, eurek euskera ederra eukien. Inguruan be euskera hutsean bizi diran asko ezagutu dodaz. Irakurri dabenek esan deustenez, liburua bitxiz beteriko altxorra da.
5.- Izenburua bera be, antxinako kopla batetik hartu dozu. Zer dala eta?
Amodiozko kanta bateko leloa da. Esan dodanez, nobelea ezagun baten bizitzan oinarrituta dago, eta beragaz adostu nebanean zelan idatziko neban, konturatu nintzan eraz etorrela esaldi hori, katigatu ninduzun librea nintzena, liburuan kontau behar nebanagaz. Esaldi horrek adierazoten dau istorioa zer dan, kontrastea da katigatuta eta libre egotearen artean. Orain dala belaunaldi askotako testua da, baina ahapaldi baten esaten dau nobela hau zer dan!
6.- Jazoera tragiko bat da liburuaren abiapuntua, Elba protagonistearen semearen heriotzea hain zuzen. Ahozko tradizinoko kopla eta balada asko be halako tragedietan oinarritzen dira.
Ahozko literatureak, tragediak baino, emozinoen mundu bat erakusten dauela esango neuke nik. Bizipenakaz lotuta dagozan emozinoak aitatzen ditue. Ni neu be horren zalea naz, horregaitik aukeratu neban izenburua. Ganera, betidanik gustau izan jatez baladak, erromantzeak eta abar, liburuan erreferentzia asko dagoz, izenburuaz gan. Baina katigatu eta libre berben arteko kontrastea da giltzarria, ze jazoera tragikoak dagoz nobelan, baina poztasunezko eta alaitasunezko pasarte asko be bai. Elbaren emozinoen arabera doa nobelearen haria, batzuetan libre, beste batzuetan katigatuta.
7.- Emozinoak, maitasuna eta hartu-emonak dira kontakizunaren gai nagusiak. Zelan heldu deutsazu ikuspegi horri?
Oinarri errealeko istorioa danez, ezagutzen dodan gauza bat literaturara eroan dot. Hor agertzen dira hartu-emonak modu desbardinetan, poterea eta menpekotasuna lantzen da, maitasuna eta maitasunik eza, agiriko hartu-emonak eta azpitik dagozanak... Urtarrilaren 24an egin genduan jentaurreko aurkezpen baten, Laura Mintegik nabarmendu eban desioaren tratamendua deigarria dala, literatura ohikoan topetan ez diran pasarteak idatzi dodaz, haragizko emozinoak dirala esan eban. Batzuen eretxiak entzunda, irakurleen emozinoakaz bat egiten dau nobeleak.
8.- Markel Urrutiak egin dau azaleko marrazkia, kontrazaleraino heltzen dan marrazki luze-luzea, hain zuzen. Zer gehitzen deutso zure kontakizunari?
Marrazkia eta izenburua lotuta dagoz, sinbiosi baten. Beltxarga bat agertzen da olatu batzuetan, hori ez da errealidadean ikusten. Olatuak protagonistearen emozinoen sinbolo dira, irudimena, amesak be bai. Azken baten, nobelan, errealidadea amesakaz buztartuta dago, azalak hori erakusten dau. Emozinoak nahastauta dagoz istorioan, bizitzan be holan da, emozinoak ez dira egoera puruan sentiduten, kontrasteak egoten dira.
9.- Urte eta gorabehera askoren ondoren, kalean da Katigatu ninduzun librea nintzena. Idazten segitzeko asmorik badozu?
Ipuin laburrak eta kazetaritza lanak be idatzi izan dodaz urteotan, ez pentsau. Baina nobelearen jarraipena egin behar dodala uste dot. Ezusteko amaierea dauka liburuak, baina bigarren zatia behar dau, protagonistearen gerokoak zertzuk izan diran azaltzeko. Idazten hasi naz, eta uste dot ez dala horrenbeste denpora pasauko bigarren hori argitaratu arte, ze orain, bizitza lasaiagoa eta denpora libre gehiago daukat idazteko. Irakurle batzuek esan deuste bigarren partea atera behar dodala, ze pertsonaiakaz zer pasauko dan jakin nahi dabe, jakinmin hori sortu dau. Lekeitiarrek-eta esaten deuste nobeleak atrapa egiten dauela.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!