Jon Lopategi bertsolaria hil da

Bizkaie! 2019-02-08 08:40   Bertsolaritzea

Gazteen erreferente izateaz gan, Euskal Herriko txapela irabazi eban 1989an.

Jon Lopategi (argazkia: Bertsolari aldizkaria) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jon Lopategi Bizkaiko bertsolaririk esanguratsuenetako bat izan da historian, plazarik plaza zein txapelketetan egindako ibilbidea aintzat hartu ezkero. Ganera, belaunaldi barrien gidari izan zan luzaroan, bertso eskoletan eredua emoten.

Francoren diktadurearen sasoietan hasi zan plazetan abesten, bertsolaritza soziala esan izan jakona zabaldu eban Jon Azpillagagaz batera. Hartara, orduko erregimenak lagatzen zituan zirrikituak aprobetxauta, herriaren kezkak eta ahotsa oholtzara igon zituen biek. Lopategik Gernikan egin eban lehenengo plazea, baina bertsolari gipuzkoarren artean sarri ibili zan, eta hareen kantaerea be bereganatu.

Txapelketetan abila izan zan muxikarra. Batetik, Bizkaikoan, jaun eta jaube izan zan 1960ko hamarkadan, hiru edizinotan txapela jantzita (1962, 1964 eta 1966). Bestetik, 1987an barriro izan zan txapeldun. 1980ko hamarkadan jo eban goia lehiaketetan, Euskal Herriko txapela irabaztea helburu. 1982an eta 1986an, bigarren geratu zan, Xabier Amuriza eta Sebastian Lizasoren atzetik hurranez hurran.

Azkenik, 1989ko txapelketan lortu eban helburua. Donostiako Belodromoan jokatutako finalean, Sebastian Lizaso atzean itxi eban sailkapenean, eta txapela Bizkaira ekarri eban barriro. Hortaz, Jon Lopategi Txapelketa Nagusia irabazi dabenen taldetxuan sartu zan. Garaipen horren ondoren, pixkanaka jentaurreko bertsolaritzea ixten hasi zan.

Baina bertsogintzeak txapelketatik kanpoko lan handia be zor deutso muxikarrari. Batez be, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ibili zan transmisinoan, Bizkaiko bertso eskoletako lehenengo belaunaldien gidari. Bertso eskolen sortzaile eta irakasle izan zan. Ondorengo txapeldun bizkaitar asko Lopategiren ikasle izan dira.

Jon Lopategi Lauzirika 1934ko martian jaio zan, Muxikan, eta bart gauean hil da, 84 urtegaz. Hiletea bihar, zapatua, 18:00etan egingo dabe, Muxikako Ariatza auzoko Santa Kurtze parrokian.

Xabier Amuriza txapelduna eta Jon Lopategi azpitxapelduna, 1982ko finalean, Donostian (argazkia: Diario Vasco)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu