Ahozko narrazinogintzearen ganeko 'Istorio Biziak' Bilbon, zezeilaren 11tik 24ra

Bizkaie! 2019-02-08 08:20   Kulturea

Ekimenak hogei jarduera inguru jasoten ditu ume zein helduentzako.

Bilboko Udalak, barruti bakotxean erreferentziazko kultur ekimen bat eskaintzeko helburuagaz jarraituz, ahozko tradizinoaren inguruko Istorio BIziak programearen seigarren edizinoa jarriko dau martxan datorren astelehenean, zezeilaren 11n.

Danetara, 19 jarduera eskainiko dira, Castañoseko eta Zurbaranbarriko Udaltegietan eta barruti horretako beste gune batzuetan. Ohikoa danez, helduei zuzendutako proposamenek umeak jagoteko zerbitzua izango dabe, eta jarduerak dobakoak izango dira, Artxandako Funikularrean egin behar diranak kenduta (euro 2).

Kobazuloko bizhitzak izenburupean, protagonista iluntasuna, bildurra, misterioa, izango daben zenbait jarduera programau dira; horrezaz gan, aurreko edizinoetan harrera beroa izan eben ekimenetako batzuekaz be jarraituko da, Artxandako funikularraren inguruko istorio gidatuak, besteak beste, eta ipuin-kontalari eta ahozko narrazino saio aukera zabala egongo da, gaztelaniaz, euskeraz eta ingelesez.

Barrikuntza legez, zinema saio bi egongo dira, Bilboko Fantasiazko Zinemaldiagaz, FANTegaz lankidetzan, aurten ospatuko dauen 25. edizinoagaz bat etorriz. Ganera, lehenengo Istorio Biziak mikro-kontakizun lehiaketea deitu da, asko baitira aurreko edizinoetan sorkuntza tailerretan parte hartu dabenak. Hori dala eta, lehiaketaei esker literatura laburraren sorkuntzea bultzatuko da. Lau astez oso jatorri anitzetako kontakizun labur ugari jaso ondoren, irabazleak zezeilaren 24an jakinarazoko dira.

Aurreko edizinoan, 1.200 persona inguruk hartu eben parte jardueretan. Horretarako, Barrutiko zenbait eragileren lankidetzea jasoko da: Artxandako Funikularra, Auzo Factory Irazabal – Matiko, Castañoseko Udaltegiko Liburutegia eta British Council. Holan, Istorio BIziak aisiarako jardueraz gan, edade tarte guztiei zuzendutako prestakuntza eta sorkuntza ekimen legez be aurkezten da.

Beste urte batez, oso estilo eta teknika anitzetako profesionalak ibiliko dira. Dagoeneko ezagunak diran narratzaileakaz batera, Alabazan taldeko kideak (Pedro Ruiz, Bego Alabazan eta Joaquín Ponte); aurten, beste batzuen artean, ahots honeek be entzun ahal izango ditugu: Inés Bengoa, Alberto Sebastián, Garazi Basterretxe, Celeste Agüero, Alberto Bargos, Alix Tregenza (ingelesez) edo Joxemari Carrere istorio kontalari ezaguna. Horrezaz gan, zezeilaren 23an, Eneko Sagardoy eta Kandido Uranga, Errementari filmaren protagonistek eta Paul Urkijo zuzendariak oso ipuin kontakizun saio berezia eskainiko dabe, filma emon aurretik.

Programazinoa astelehenean hasiko da Tiboli Eskolan, Sor ditzagun istorio biziak liburuaren aurkezpenagaz, izan be, aurreko asteetan, barrutiko eskoletako (Tiboli, Zurbaranbarri, Zurbaran eta Uribarri) neska-mutilek, istorioak sortu ditue taldeka eta eurak sortutako personaiei bizia emon deutsee, euren auzoetan kokatuz. Sorkuntza lan horren emoitza legez liburu bat argitaratu da. Hurrengo egunean argitalpena Zurbaran ikastetxean aurkeztuko da.

Edizino honek, umeei eta familiei zuzendutako dozena erdi bat jarduera jasoten ditu, ipuinetarako eta irakurketarako gustua oso gaztetatik pizteko. Proposamenen artean, ipuin-kontakizun errepertorio zabala jasoten da, ingelesez –British Council-egaz lankidetzan–, euskeraz eta gaztelaniaz, bisita gidatu kontatua eta kantatua funikularrera, eta gurasoek euren seme-alabakaz jarduera sortzailea konpartiduteko aukerea eskainiko dauen poesia tailerra, besteak beste. Tailer hori zezeilaren 16an izango da, arratsaldeko 18:00etan, Auzo Factory Irazabal - Matikon.


Ikus-entzule helduak

Helduei berenberegi eskainitako jardueren artean edizino honetako gaiari buruzko ahozko zenbait narrazino saio be jasoko dira, iluntasunari, bildurrari eta misterioari buruzko ipuin eta istorioakaz. Aurten, agertoki bildurgarriena Artxandako Funikularra izango da, bertan Alberto Sebastiánen Más cuentos de los oscuro saioa egingo da –gaztelaniaz– gaueko iluntasun eta behe-laino artean. Jarduerea zezeilaren 16an izango da, 20:00etan, eta 90 minutu inguru iraungo ditu. Bertara joateko beharrezkoa izango da izena emotea, www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez, eta sarrerako prezioa ordaintzea (euro 2).

Hurrengo egunean, Artxandako Funikularrean bertan, baina egunez, –12:00etan–, bisita gidatu, kontatu eta kantatua egingo da, orain gitxi Bizkaiko bertsolari txapelduna izan dan Onintza Enbeita bertsolariagaz. Jarduera horretarako be aurretik emon beharko da izena www.kulturabarrutik.eus webgunearen bitartez, eta persona bakotxak euro 2 ordaindu beharko ditu.

Barrikuntza legez, FANTen 25. edizinoagaz bat etorriz, egitarauan zinema saio berezi bi izango dira. Zezeilaren 15ean, Javier Gullónen eta Alfredo Monteroren La Cueva (2014) eskainiko da (FANT 20 inaugurau eban filma) Auzo Factory Irazabal – Matikon. Hilaren 23an, leku berean, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren lehen film luzea dan Errementari (2018) lan txalotua eskainiko da; zinemagileak, fantasiazko generoan garrantzia hartzen dagoan figurea aintzatesten dauen Fantrobia Saria jaso eban Zinemaldiaren aurreko edizinoan.

Euskerazko jatorrizko bersinoan –gaztelaniazko azpi-tituluakaz– ikusi ahal izango dan Errementari filmaren emonaldiaren aurretik, kontakizun saio bat egongo da, euskeraz eta gaztelaniaz, Paul Urkijo zuzendariagaz egongo diran Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy protagonisten eskutik. Hirurek filmea aurkeztuko dabe proiekzinoaren aurretik. Errementari lanak, Paul Urkijoren lehenengo film luzeak, sari ugari jaso ditu generoko hainbat jaialditan, eta Goya sarietarako izentauta egon da, efektu berezien atalean.

Egitaraua Zurbaranbarriko adinekoen etxera be helduko da, ahozko kontakizun saio bategaz, zezeilaren 18an.

Istorio BIziak ekimenaren seigarren edizino honen amaiera ekitaldia zezeilaren 24an izango da, 13:00etik aurrera, Trauko kaleko oinezkoentzako gunean egingo dan jaiagaz. Bertan, Bego Alabazan eta Pedro Ruiz (Alabazan ipuin-kontalariak), Cristina Verbena eta musika kalejirea eta Carlos Pérez Aradrosen erraldoi bildurgarriak egongo dira. Amaitzeko, Istorio BIziak 2019 Mikro-kontakizun Lehiaketearen I. edizinoko sari nagusia eta akzesit bi emongo dira (FNACen laguntzinoagaz).

Azken buruan, egitaraua osoa begitu gura izan ezkero, klik egin hemen (2,06 MB)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu