Gernika Saria, bonbardaketea aztertu daben historialariei

Bizkaie! 2019-02-07 09:22   Kulturea

Christos Stylianides, Giza Laguntzino eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioa be saritu dabe.

Xabier Irujo historialaria, sarituetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernika-Lumoko Udalak, Gernika Gogoratuzek, Kultur Etxeak eta Pakearen Museoak, Pforzheim uriagaz alkarkidetzan, emoten daben Gernika Sarien XV. edizinoa da aurtengoa. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketearen nondik norakoak ikertzen ibili diran hiru historialarik irabazi dabe aurten: Paul Prestonek, Angel Viñasek eta Xabier Irujok. Atzo egin zan erabagia hartzeko batzarra, eta Berriak zabaldu dau albistea.

Pakearen eta berradiskidetzearen aldeko lan nabarmena egin daben norbanakoei eta erakundeei gorazarre publikoa egiteko sortu zituen Gernika Sariak. Uriagaz loturea daukien eragileek egin leikiez urtero proposamenak, eta batzorde batek erabagitzen dau gero sariduna. Aurten, Gernika-Lumoko Udal Gobernuaren gidari Euzko Abertzaleak taldeak eta Gernika Batzordeak egindako proposamen bana egon dira, eta lehenengoena aukeratu dabe.

Preston, Viñas eta Irujogaz batera, Christos Stylianides be sarituko dabe. Giza Laguntzino eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioa da, eta Jordaniako errefuxiatu-guneetan egindako lanagaitik aukeratu dabe. Azrag gunean 40.000 lagun ingururi lagundu eutsen Stylianidesek, giza eskubideen aldeko konpromiso argia agertuta, Gernika Sariak emoten dituan batzordearen ustez.

Apirilaren 26an emongo deutsie XV. Gernika Saria irabazleei. Egun horretan 82 urte beteko dira uria bonbardeau ebenetik.

Beste alde batetik, Gernika Memoriaren Lekuko izeneko erakundeak (hainbat alkarte batzen ditu), gogoetea plazaratu dau ohar baten bidez, aurtengo Gernika Sarietako erabagiaren inguruan ikuspuntu eraikitzailea emoteko asmoz. Uste dau, aurkeztutako beste hautagaitzeari autortzea egiteko momentu aproposa zala aurtengoa. David Harland, Henri Dunat Suitzako fundazioko zuzendaria; Brian Currin Harremanetarako Nazinoarteko Taldeko presidentea; eta Ram Manikkalingam Nazinoarteko Egiaztatze Batzordeko buruak izan dira horreek hautagaiak.

Gernika Memoriaren Lekukok ontzat jo dau Viñas, Preston eta Irujo saritu izana, merezidutako izendapena dalakoan, baina ETA behin betiko desegin dan urtean, horretan lagundu dabenak saritzea apropos-aproposa izango zalakoan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu