Liburuak eta ikus-entzunezkoa, Txillardegiren gomutan

Bizkaie! 2019-02-06 13:37   Euskerea berbagai

21. Korrikako omendua da.

AEK-k orain dala aste batzuk jakitera emon ebanez, José Luis Álvarez Enparantza, Txillardegi, da 21. Korrikako omendua. Hori dala eta, Txillardegiren ekarpen zabala gogoratzeko ekimen ugari aurkeztu ditue, Donostian egindako agerraldian. Korrikaren leloa aitatuaz, Asier Amondo koordinatzaileak adierazo dau Txillardegik be Klika egin ebala, euskerea ikasten hasi eta konpromisoa hartu ebanean. Euskalduntzeagaz eta euskera batuagaz lotutako figurea da, Amondoren esanetan.

Zapatuan, hilak 9, omenaldia egingo deutsie Txillardegiri, baina gorazarrea ez da horretan geratuko.

Argitalpenak

Dabilen Pentsamendua liburu-bildumea sortu dabe Txillardegiren omenez. Gerora beste autore batzuen inguruko lanak argitaratzea da asmoa, baina lehenengo aleak Txillardegiren ingurukoak dira. Jakin eta EHU izan ditu Korrikak bidelagun.

Alaitz Aizpuru filosofoak egindako aukeraketan oinarrituta, Txillardegiren pentsamenduaren ekarpen nagusiak batzen dituen hiru liburu argitaratu dira bilduma sortu barrirako. Euskera batua, nazinoaren auzia eta hizkuntzearen filosofia dira ale bakotxaren gaiak, hurranez hurran. 1.600 testu inguru idatzi zituan Txillardegik, era askotakoak, hortik atera ditu Aizpuruk liburuotako idatziak.

Ale bakotxak berbaurre bat dauka: Joan Mari Torrealdaik, Joxe Manuel Odriozolak eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategik idatzi ditue. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak aurreratu dauenez, Txillardegiren pentsamendua batuko daben beste hiru liburu ateratzeko asmoz be badabiz.

Ganera, Miren Rubio kazetariak Txillardegiren biografia idatzi dau, Txillardegi: Batasunaren pentsalaria izenburupean. Hurretik ezagutu ebenen lekukotzetan oinarritu da Rubio: Jone Forcada alarguna, Joxe Azurmendi filosofoa, Jean-Louis Davant idazlea, Patxi Zabaleta politikaria, Joan Mari Torrealdai euskaltzaina eta Pilartxo Etxeberria eta Fito Rodriguez irakasleak.

Ikuspegi zabal horri esker, biografian ez dator Txillardegik landutako arlo bakarra, beste argitalpen batzuetan egin dan legez, ezpada bere ekarpenen ikuspegi osoa. Euskalgintzan, herrigintzan, politikan, literaturan, kulturan... ibili zan Txillardegi, sasoi erabagigarri baten. Aitzindaria izan zan euskera batuan, ETAn zein euskal literatura modernoan. Hori guztia liburu bakarrean batzea da Miren Rubioren meritua.

Ikus-entzunezkoa

Txillardegiren Klika izeneko dokumentala, 2004an Txillardegiri egindako alkarrizketa baten oinarritzen da. Kote Camacho zuzendari dala, Fito Rodriguez eta Eneko Dorronsororen laguntzinoagaz, Txillardegiren pentsamendua beste era baten ikusteko modua emoten dau ikus-entzunezkoak.

Protagonista nagusiaz gan, Joxe Azurmendi, Laura Mintegi, Bernardo Atxaga, Xabier Mendiguren Elizegi eta Harkaitz Cano be agiri dira filmean. Hilaren 9ko omenaldian estreinauko dabe. Donostiako Musikene ikastegian izango da ekitaldia, eta Txillardegiren familiari oroigarria emongo deutsie AEK-koek.

Dokumentalaren aurrerapena, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu