Otxarkoagaren 50 urteko garapena batu dabe liburu baten

Bizkaie! 2019-02-06 11:47   Kulturea

Miriam Varela arkitektoak idatzi dau, bere doktore tesian oinarrituta.

Bilboko Otxarkoagaren gaur egungo itxurea XX. mendearen erdialdetik dator. Baserriak eta landak kendu, eta eraikin altuak altzau zituen orain dala 60 bat urte, industriak erakarritako beharginei bizilekua emoteko. Arkitekturearen ikuspegitik, azken hamarkadetan auzoak izan dauen garapena aztertu dau Miriam Varelak Otxarkoaga, lore horiko poligonoa liburuan.

Bilboko Udalak bultzatutako proiektua da argitalpen hau, bertako Etxebizitza Sailak ordaindua. Otxarkoaga sortu zaneko testuinguru sozial, ekonomiko eta demografikoa kontuan hartuta, 50 urteko ibilbide arkitektonikoa egin dau Miriam Varela autoreak, bere doktore-tesian egindako azterlanei esker.

Hainbat gai jorratzen dira liburuan. Batetik, auzoa urbanizau zaneko testuingurua eta orduko eraikinen ezaugarriak. Bestetik, azken urteotan martxan ipini diran zaharbarritzeak eta birgaitzeak be agertzen dira, Otxarkoaga irisgarriago eta bizigarriagoa lortzeko helburuz eginak. Amaieran, autoreak gogoetea egin dau, eraikin batzuen zahartzeaz eta horri aurre egiteko hartu beharreko estrategiez.

Miriam Varela egileak azaldu dau zergaitik aukeratu dauen Otxarkoaga tesia eta liburu hau idazteko: Batetik, auzo honek inpaktu handia izan eban, eta oraindino be badau, gizartearen, arkitekturearen, urigintzearen eta paisaiaren ikuspegietatik; beste alde batetik, diruz lagundutako lehenengo poligono zuzendua izan zan Bilbon, tamainu eta densitate horreekaz.

Donostian jaio zan Miriam Varela Alonso, 1980an. Han arkitektura-ikasketak egin zituan, EHUn. Arkitekturan doktore da unibersidade berean, liburuaren oinarri dan Otxarkoaga. Lore horiko etxebizitza poligonoa doktorego-tesiari esker. Gaur egun ikerketan dabil, etxebizitzari buruz eta 1950, 60 eta 70eko hamarkadetako etxebizitza-poligonoak barritzearen inguruan. XLark estudio de arquitectura y urbanismo Anton Pagola y asociados-en sortzaile eta bazkide be bada.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu