Seaskak ekitaldi ugari dakarz 50. urteurrenean

Bizkaie! 2019-02-06 08:54   Euskerea berbagai

Oztopoen ganetik, 1969an hasitako proiektua bizi-bizirik dago.

Urtero antolatzen ditu Seaskak makina bat ekitaldi kultural, eta aurten be ez da gitxiago izango, mende erdia beteko dau eta. Ipar Euskal Herriko ikastolen alkartearen hazia 1969koa da, harrezkero eten barik egin dabe lan euskerazko eta kalidadezko irakaskuntzearen alde. Modu apalean hasi zana, 36 ikastolako sarea da gaur egun. Hori ospatzeko, ekitaldi bereziak egongo dira 2019an, era guztietako publikoa gogoan.

Diru pixka bat ateratzeko antolatzen ditu Seaskak horreek ekitaldiak, egoera ekonomikoa estua da eta. Horrezaz gan, komunidadeagaz lokarri soziala indartzeko eta euskerea zein euskal kulturea bistaratzeko be badira.

Lehenengo jarduerea laster baten dator, hil honen 10ean, domekan. Ohiko BECtso Saioa egingo dabe, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalistak batzen dituan saioa. Aurten Senperen izango da. Zezeilaren 14an, ostera, Goazen! telesaileko kapitulu barria proiektauko dabe Hendaiako Anton Abadia entzungelan.

Musikeak leku zabala izango dau egitarauan. Zezeilaren 16an, zapatua, 50. urteurrena ospatzeko kontzertua egongo da Miarritzen. Berri Txarrak, agurreko biran sartuta, izango da gaualdiko interesgune nagusia. Lekunberriko hirukoteagaz batera, oholtzan agertuko dira Txakatuk, Diabolo Kiwi, Xiberoots eta Willis Drummond. Sarrerak agortuta dagoz.

Maiatzaren 12an Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia egingo dabe Senperen, eta hitzordu garrantzitsu horren ostean be egongo da ospatzeko modua. Seaskaren 50. urteurrenaren bazkaria, Realaren futbol partidua, jardunaldi pedagogikoak eta abar antolatu ditue urtearen bigarren parterako.

Mende erdiko historia

Argitxu Nobliak eta Libe Goñik alkar ezagutu ebenean hasi zan Seaskaren historia. Nobliak Goñi kontratau eban, bere hiru seme-alabak euskeraz hezteko beharginaren bila ebilela. Laster, beste guraso batzuek bat egin eben proiektuagaz. 1969ko apirilean sortu eben modu ofizialean alkarte barria, Seaska izenagaz.

Nobliaren etxea horrenbeste umerentzako txiki geratu zanez, Baiona, Miarritze eta Arrangoitzen hartu zituen lokalak. Harrezkero, gero eta ume gehiago joaten hasi ziran Seaskara, eta ikastolen sarea handituz eta handituz joan zan. Gaur egun, 36 ikastola dagoz, tartean lau kolegio eta lizeo tekniko/orokor/profesional bat. 4.000 bat ikasleri zerbitzua emoten, 430 behargin inguru dabiz.

Mende erdiko bidean, ez dira gitxi izan Seaskak ezagutu dituan oztopoak. Ahaleginez eta gogoz gainditu ditue trabak. Aurrera egin dabe, helburu bakar bategaz: euskarerearen alde, Ipar Euskal Herriak bere hizkuntzea berreskuratu deian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu