Bilbao Distrito Jazz zezeilaren 8an hasiko da
2019-02-05 13:16 MusikeaKontzertu guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Sartzea doban da leku guztiak bete arte.
Bilboko Udalak bariku honetan inaugurauko dau XX. Bilbao Distrito Jazz, gure urian denpora gehien daroan kultur programetako bat (Bilbaina Jazz Club-agaz alkarlanean antolatutakoa), auzoetara dobako kontzertuak hurreratzen dituana, egungo panoraman erreferentziazkoak diran artistakaz, eta jazzean etorkizun handia daben bertoko artistentzat be lekua ere itxita.
Aurten sei kontzertu eskainiko dira, martiaren 15era arteko bariku guztietan, artista garrantzitsuakaz, Bill McHery –Fortia– Del Val Trío, Larry Porter Trío, Vicente Espí Quartet, Yuhan Su Quartet, baita tokiko ukitua jarriko daben Ana Bejerano Quartet eta taldearen Urjauzia proiektua be.
Ohikoa danez, kontzertuak Udaltegietan (Otxarkoaga, Errekalde eta Begoña) eta jente gehiago jasoteko lekua daben gune batzuetan izango dira, Bidebarrietako Liburutegian, Bertendona institutuan edo Sarrikoko Juan Crisostomo Arriaga Musika Konserbatorioan, besteak beste. Emonaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sartzea doban da, leku guztiak bete arte.
Programazinoa zezeilaren 8an hasiko da Otxarkoagako Udaltegian, Bill McHery–Fortia–Del Val Trío taldeagaz. Oso jatorri eta ibilbide desbardinak izan arren, egungo jazz eszenearen barruan erreferentziazkoak diran hiru musikari dira. Estadu Batuetako Bill McHenry saxofoi jotzaile handia, Gironako Manel Fortià kontrabaxua eta Mirandako Gonzalo Del Val bateria, nazinoko panoramako promesa gazte handienetakoa armoniarik bako hirukote honetan batu dira, lehentasuna melodiak eta edertasuna daben jazz alkarrizketea ezartzeko.
Zezeilaren 15ean, Bertendona Institutuak Larry Porter Trío taldearen kontzertua jasoko dau. Larry Porter pianista handiagaz batera, Chicagoko Joe Smith bateria eta Max Leiss kontrabaxu alemana igoko dira. Alkarregaz egindako ibilbidearen ondoren, ohiko doinuak interpretetan ditue, baina kontzeptu kolektiboagoagaz, bakotxak bere ekarpena gura dauen legez egin eta erantzun leiken alkarrizketea, hain zuzen be.
Zezeileko azken barikuan, 22an, Bidebarrietako Liburutegiak Vicente Espí Quartet-en kontzertua jasoko dau. Valentziako bateria eta perkusino jotzaile eta konposatzaileak, lider legez egin dauen bere hirugarren lana, Espiral, aurkeztuko dau Bilbon. Parisko Goi Konserbatorioan ikasi, eta goi mailako musikariakaz ibilten da, besteak beste, Monty Waters, Ramón Cardo, Jorge Pardo edo Dave Schnitterregaz.
Hurrengo kontzertua, martiaren 1ekoa, Sarrikoko Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Konserbatorioan izango da. Euskal musikari gazte horreek, Iñigo Ruiz de Gordejuela pianistea (Mendaro, 1994) eta Adrián Fernández gitarristea (Gasteiz, 1995) izan dira euskal jazzaren eszenako ezuste pozgarrienetakoa, Urjauzia lan horregaz IX. BBK JAZZ Sarietan Disko Onenaren Saria irabazita. Iñigo Ruiz de Gordejuelak Berklee College of Music ospetsuan ikasi eban, eta 2016an disko bat argitaratu eban, Bostoneko eskola horretan bertan sortutako Amalur proiektuagaz.
Begoñako Udaltegiak, Bilbon City Animals aurkeztuko dauen Yuhan Su Quartet-en kontzertua jasoko dau martiaren 8an. Berklee College of Music izenekoan graduau zan eta New Yorken bizi dan Yuhan Su bibrafono jotzaile taiwandarrak, jazz disko onenaren eta urteko ezusteko artista onenaren Golden Indie Music Awards izenekoak jaso zituan 2013an, Flying alone bere lehen diskoagaz. Jatorrizko konposizino leunakaz eta musika-tresna jotzaile legez dauen estilo personalagaz, maila bikaineko hiru musikarik osotutako hirukoteak lagunduta, Yuhan Su jazz musikarien belaunaldi barriaren ahotsa da. Bere musika barritzailea, emozionala da eta, garrantzitsuena, lirikoa beti.
Bilbao Distrito Jazz ekimenaren hogeigarren edizino hau zarratzeko ardurea bertoko Ana Bejerano Quartet taldeak izango dau martiaren 15ean, Errekaldeko Udaltegian. 80-90eko hamarkadetan Mocedadesen ibili eta hiru disko argitaratu eta gero, Ana Bejeranok Jazz, Bossa Nova eta balada standard bildumea aurkeztuko dau. Bertan, Ella Fitzgerald eta Billie Holiday ekarriko ditu gogora, baina beti bere izakera propio eta personalagaz.
Bilbao Distrito Jazz Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez dauen musika genero hori uriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule barriak erakarriz; 1991tik astero zuzeneko kontzertuak antolatzen dituan Bilbaína Jazz Club alkartearen lana laguntzea; edo auzoetan eskaintzen dan kultur programazinoaren kalidadea hobetzea.
Azken buruan, Bilboko Udal Liburutegien Sareak, jazz-liburu eta grabazinoen bilduma zabala dauka, maileguan ixteko, musika genero hori sustatzeko asmoz. Katalogoa webgune honetan dago eskuragai: www.bilbao.eus/bibliotecas. Ganera, erosketak egiteko edo bilduma eguneratuta eukiteko iradokizunak be egiten ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!