Bilbok badauka komikia
2019-02-05 09:44 KultureaLiburuxkea udaletxerako bisita gidatuetan parte hartzen daben ume eta gazteen artean banatuko da.
Bilboko Udalak Bilboren historiari buruzko komikia argitaratu dau, uriaren iraganaz nahikoa ezezagunak diran hainbat alderdi batuta. Bilboko udaletxerako bisita gidatuetan parte hartzen daben ume eta gazteentzako ikasmaterial osogarritzat diseinauta, estilo alai eta atseginaz landu da, bisita gidatuaren edukia aberasteko moduko pasadizo historikoetan oinarrituz.
Holan, Estudios Durero argitaletxeak osotu dauen Bilboren historiari buruzko argitalpen barri honek uriaren historiari egindako errepaso atsegina eskaintzen dau, gehien-gehiena Itsasadarreko ibai-bazterren inguruan, San Anton eta Ibeniko kaietako merkatari eta marinelen lehenengo Bilbo haretatik eta Bilbo Zaharreko zein Miribillako meatzarien gomutak zein Arenalera egindako lehen zabalgunera eta Abandora, bertan mamitu baitzan XIX. mendearen amaierako zabalkunde industrial eta finantzieroa... Eta apur bat aurrerago, Guggenheim Museoa, XX. mendearen azken laureneko errauts industrialetatik birsortutako XXI. mendeko Bilbo barriaren ikurra.
Zehatzago esanda, ondokoak dira Bilboko Udalaren argitalpen barri honetara batutako pasadizo eta bitxikeria historikoetako batzuk: Artxandako Hirumugarrieta trikuharrien ondoko dauela 4.500 urteko silexezko lanabesen eta Erribera kalean egoan I. mendeko txanpon erromatarraren aurkikuntzea, Bilboren XIV. mendeko sorrera bikotxa, ehunka urtez bilbotarrak babestutako zazpi metroko harresi sendoa, Bilboko Konsulatuak Brujas urian (Belgika) eban egoitzea, XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak eta bestelako gatazka sozialak, edota Estadu osoko lehenengo tranbia elektrikoaren hasierako joan-etorriak, XIX. mendearen amaieran.
Kontuak kontu, Bilboko Udalak, UNICEFek zemendian emondako Umeakazko Uri Adeitsuaren aintzatespenaren harira, historiagazko jakinmina sustatu nahi dau Bilboko gazteenen artean, bilbotarren izakereari estu-estu lotuta dagozan jarrera edegi eta solidarioari eta barrikuntzearen nahiz ahalegin kolektiboaren aldeko etengbako apustuari arreta berezia emonez.
Bilbao, historia apur bat komikia gaztelaniaz, euskeraz eta ingelesez argitaratu da, eta luze barik bilbao.eus udal webgunean be eskuratu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!