'Gurot! Euskal Galderen Unibersoa' olgetea egiten parte hartu dau Getxoko Udalak

Bizkaie! 2019-02-04 10:00   Euskerea berbagai

Gazteen artean euskerea eta aisialdia lotzeko era egokia eta erakargarria izan daitekeela pentsau dogu.

Getxoko Udalak gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea helburu dauen Gurot! Euskal Galderen Unibersoa olgetearen aplikazinoa egiteko prozesuan parte hartu dau, Erandioko eta Leioako udalakaz, eta Uribe Kostako, Mungialdeko eta Txorrierriko Mankomunidadeakaz batera. Aitatutako udalerrietako 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago Getxoko zein inguruetako eta mundu zabaleko kultur galdera-erantzuneko norgehiagoka interaktiboa.

Oso ezaguna dan tribial moduko olgetea da, euskeraz, eta gazte bakotxak olgau leike, puntuak lortzeko. Olgetearen gidoilaria Joseba Santxo getxotarra izan da eta herri bakotxeko hainbat galdera dagoz, mundukoakaz batera, hurrengo esparrukoak: gizartea, naturea, hizkuntzea, artea, kulturea, zientzia, kirola eta aisia.

Getxoko Udalak 6.478€ ipini ditu proiektua aurrera eroateko, gazteen artean euskerea eta aisialdia lotzeko era egokia eta erakargarria izan daitekeela pentsau dogulako, azaldu dau Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak.


Zelan olgau?

Gurot! erabili eta olgetako gazteek Gurot! app-a behera kargau beharko dabe, eta izena eta identifikazino datuak emon. Hemendik bagilaren 21era arte olgetan dabenek Iphone 6 baten zozketan parte hartu ahal izango dabe, puntuazinorik handiena eskuratzen daben 100 finalisten artean zozketatuko baita.

Olgetearen difusinoan Iban Garcia eta Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko kantaria diran influencerrak parte hartzen dabiz eta horregaitik antolatutako lehiaketan izango diran bestelako sarien artean aukerea egongo da aitatutako musika taldearen kontzertu baten backstagerako sarrerea, diskoak eta abar lortzeko. Getxoko Udala udalerriko ikastetxeakaz dabil hartu-emonetan, olgetearen barri gazteen artean zabaldu ahal izateko.

Informazino gehiago udal webgunean (www.getxo.eus/eu/euskara), www.gurot.eus, gurotapp@gmail.com, eta Instagram (@gurotapp), Twitter (@gurotapp), Snapchat (gurotapp) eta Facebook (gurot) gizarte sareetan topauko dozue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu