Eneko Aizpurua: 'Bidasoan gora' izango da liburuaren izenburua

Koldo Isusi Zuazo 2019-02-04 08:05   Barriketan

Idazlea.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko hurreko historiaren ezagutzea zabaltzeko eta gure literaturea aberasteko asmoz, Tene Mujika bekea sortu dabe, 6.000 euroko diru-laguntzinoa emongo dauena.

Aurten, Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrak irabazi dau 2019ko Tene Mujika bekea, Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua daben edo izan behar leukien hainbat istorio kontetako proiektu bategaz.

Ez-fikzinozko proiektuak saritzen ditue eta aurten aurkeztutako proiektuen artean Aizpuruarena emon dau irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osotutako epaimahaiak.


1.- Biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, alkarrizketak, ikerketak zein bestelakoak aurkeztu daitekez Tene Mujika bekan. Kontaiguzu zer idatziko dozun urtebeteko epean?

Hau izango da Bidasoan gora egindako bidaia baten kontakizuna. Orduan nire asmoa da oinez egindako bidean ibaiagaz eta lurragaz lotutako istorioak azaleratzea, memoria berreskuratzea. Garai bateko hondartza hareek ibaian egiten eben lana ezagutzera emon; hareek egiten eben harea atera eta nire asmoa da izkutuan geratu diran istorioak berreskuratzea. Tartean osogai asko izango dira mugak, Mikel Zabalza, gerra zibila, fusilamenduak, portugesak, esklabuak, naturea, industrializazinoaren eragina... Ondare ez materialagaz lotutako kontuak zabaldu gura neukez, Bidasoa ibaiagaz lotuta dagozan ogibideak, batzuk galduta be badagoz eta horreek jorratu gura neukez.

Pozarren nago Tene Mujika bekea irabazi dodalako eta ezustekorik ezean, Bidasoan gora izango da liburuaren izenburua; ibaia da ardatza eta ibaian gora egindako oinezko ibilaldia danez, oraingoz horixe daukat buruan.


2.- Ez da fikzinorik onartzen baina bai materialaren lanketa literarioa. Gaia aukeratuta, lanaren erdia eginda dago?

Ez, asko dago egiteko oraindino. Fikzinorik ez dago baina lanketa literarioa bai. Eta horixe da nire asmoetako bat, ez da saiaketa hutsa izango, Bidasoan gora egindako bidean giro berezia sortu gura dot eta hor sartuko da literaturea, Bidasoa ibaiagaz lotutako nobeletako personaiak agertuko dira eta jazoerak
gogoratzeko moduetan eta lanketa handia izango dot.


3.- Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa izatea dakar oinarrietan. Liburua kasik amaituta eukiko dozu...

Amaituta ez, oraintxe dator gogorrena. Lagina eta kontakizunaren nondik norakoak, eskemak eta bialdu nituan baina asko dago egiteko. Bidasoa ibaiaren emariak batzen dituan makinatxu bat gauza jorratuko ditut; gerra zibila hasi barritan, Pio Barojak eta Aitzolek be zeresana izango dabe, zelan topo egin eben Beratik Lesakarako errepidean, euren arteko topaketea be agertuko da... Baltzetik be zeozertxu izango dau, berbarako, migratzaile portugaldarren heriotzen kasuan, ikerketea egin gura dot, izan be, hemeroteka, dokumentu zahar eta enparauetan informazino asko dago eta zeozertxu aterako dot, bai.


4.- Lehertu da festa, Herensuge gorriaren urtea eta Errauts nobela baltzak argitaratu dozuz. Eta Euskal Herrian literatura baltza sustatzea helburu dauen (H)ilbeltza bekea Josu Barambonesek hartu eban igaz. Zer dauka genero baltzak?

Aparteko indarra. Oso indartsu dabilen generoa da eta liburudendetako apalak begitu, besterik ez da behar.


5.- Euskal Herrian literatura baltza sustatzea helburu dauen (H)ilbeltza bekea Josu Barambonesek hartu eban igaz.... Argitaletxeen arteko burrukea?

Bai, edo. Elkar, Erein, Txalaparta, Katakrak eta beste batzuk be badabiz aukera guztiak aztertzen, irakurleak nondik nora dabizen eta begituten, zelan erakarri pentsetan. Nobela baltzak loraldia bizi dau eta oraintsura arte nobela baltzaren presentzia oso txikia zan arren, orain asko ugaldu dira era horretako lanak.


6 .- 2018an, (Euskal) haluzinazio bat (Booktegi), Beste Hitzak-Other Words literatura programearen bidez idatzi dozu. Zer nabarmenduko zeunkeidazlan honetaz?

Donostia Hitzak programearen bidez aurkeztu nintzan Frisian literatur egonaldi bat egin ostean. Egonaldi horretan sortutako kontakizuna da, ameseta txar baten kontakizuna. Gure hurreko historiaz gogoetea egiten dabilen persona baten gorabeherak kontetan ditut; persona horrek haluzinazino bat biziko dau, inkisizinoaren epaiketa batean ikusiko dau bere burua. Hor agertuko dira euskal historian izandako hainbat jazoera eta personaia. Egoera horretan, Europaren aldarria egiten dabenen gorabeherak interesaten jataz.

 

7.- Robert Menasse-ren saiakerea Europar mezularia - Burujabetza eta demokrazia XXI. mendean liburua (Der Europäische Lanbote) itzuli zenduan. Aurrekaririk bako krisia bizi dau Europako Batasunak?

Europaren idea bera be krisian dago. Baina Europako ideak krisian egon arren, inoiz baino beharrezkoagoa da eta egunero ikusten gabiz, ahaztuak ziran idea eta garaiak bueltan datozela, eskuin muturraren indarraldia eta beste hainbat kontugaz.

 

8.- Ogibidez itzultzailea zaitugu Nafarroako Unibersidade Publikoan. Laster itzultzaile automatikoen, makinek egingo ditue itzulpenak?

Nabarmen egin dogu aurrera eta makinok gero eta itzulpen hobeak egiten ditue administrazinoaren arloan. Guk geuk erabilitako baliabideakaz sano aurreratu dogu eta lehen baino azkarrago egiten doguz lanak, errepetiduten diran testu zatiak behar dan lekura eroanez eta. Baina uste dot beti erabili beharko dala
testu horreek zuzendu, gainbegiratu eta orrazteko gizakia, azken ukutuak emoteko. Itzulpen literarioak, poesia eta hor dagoz eta holakoetan personak beharrezkoagoak izango dira, lanak ganoraz egin ahal izateko.

 

9.- Berria egunkarian erreportajeak be argitaratu izan dozuz. Zelakoak dira?

Oso gustora nabil. Pasa dan udan egindako bidaia kronikak dira; horreetako bat Moldaviara joan nintzanekoa; bigarrena Frisiako uriburu Leeuwardengo urmaelaren ganekoa eta hirugarrenean, barriz, Europako, Herbereetako ospakizunak jorratzen dodaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu