'Valca' argazkigintza enpresearen ganeko erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2019-02-01 12:29   Kulturea

Zezeilaren 4an, González de Duranak bisita gidatua zuzenduko dau, arratsaldeko 19:00etan.

Euskadiko Artxibo Historikoak Valca enpresearen ganeko erakusketa bat antolatu dau, material fotografikoa produziduten eban konpainia honen ibilbidea gogoratzeko asmoz. Erakusketa gaur edegi da eta zezeilaren 24ra arte egongo da ikusgai. Ekimen honen jatorria da enpresa horren dokumentu-fondoa Euskadiko Artxibo Historikoaren esku itxi dabela, pasa dan abenduan sinatutako akordio baten ondorioz. Enpresa ezagun honen etapa ezbardinei loturiko objektu, liburu, kartel, dokumentu, plano eta argazkiak batzen ditu erakusketeak. Sopeñano de Mena (Burgos) herrian baegoan be, euskal enpresabururen jaubetzea zan eta Enkarterriko ehunka herritarrek bertan lan egin eben.

Enpresearen artxiboaren lagapena Javier González de Durana jaunaren eskuzabaltasunari esker izan da posible; honek, artxiboaren hondarrak batu zituan, galtzeko bidean egozalarik, eta aitatua gorde eta bere garrantzia nabarmentzeaz arduratu da urte luzez. Balmasedako La Encartada Museoan eta Medina de Pomarren Valcari buruzko erakusketak antolatu ondoren, fondo horreen lagapena Euskadiko Artxibo Historikoagaz adostea erabagi eban González de Duranak. Holan, alde biek sinatu daben akordioaren arabera, Valcari buruzko erakusketa bat antolatzeko eta Valcak Sopeñanon (Burgos) eban lantegi zaharrean identifikau diran beste dokumentu guztiak berreskuratzea sustatzeko konpromisoa hartu dau Artxiboak.

Erakusketea zabalik egongo da astelehenetik eguenera, 9:30etik 18:30era, eta barikuetan, 9:30etik 15:30era. González de Duranak berak antolatu dau, enpresa ezagun honen inguruko azterlan sakon baten egilea baita. Erakusketea Euskadiko Artxibo Historikoaren (María Díaz de Haro kalea, 3; Bilbo) atarian eta lehen pisuan egongo da ikusgai.

Datorren astelehenean, zezeilaren 4an, González de Durana jaunak bisita gidatu bat zuzenduko dau, arratsaldeko 19:00etan.


Valca enpresea

Valca 1938. urtean jaio zan eta 90eko hamarkadearen hasierara arte egon zan zabalik. González de Duranak dinoanez, enpresa-idea 1938koa da, Gerra Zibila bizi-bizi egoalarik; Euskadi eta Enkarterri eta Mena Harana hain zuzen be, frankisten kontrolpean egozan. Sortzaileek ezarri zituen helburuen artean, ekintza militarrei babesa emotea zan nagusiena. Enpresearen sortzaileek, industria-enpresaburuak aspalditik, Gerrea irabaziko eban bandoan ziran ordurako eta aginte politiko garrantzitsuak izan zituen Gerra ondoren ezarritako erregimenean: José Luis Oriol, José Leandro Torrontegui, Isidoro Delclaux, Mateo Olaso eta Jose María Basterra, adierazo dau González de Duranak.

Enpresea 1940. urtean jaio zan, eta Rafael J. Basterrechea arkitektoak enpresearen pabilioiak eta egoitza-etxea diseinau zituan, 1942 eta 1945 bitartean eregi zituenak. Une horretatik bertatik, hazkunde fisiko, tekniko eta produktibo azkarra bizi izan eban Valcak eta pribilegiozko leku bat lortu eban, nazino mailan zein nazinoartean, argazkigintzearen eta radiografien merkatuan. Bere zabalkunde eta etekin ekonomikorik handienak 1985. urtean lortu zituan, adierazo dau González de Duranak.

1986tik aurrera, ostera, beheraldi larria etorri zan, enpresa ez baitzan Espainia Europako Merkatu Erkidearen egoera barrira egokitzeko kapaz izan. González de Duranaren ustez, aurrekoa ez zan arrazoi bakarra izan: Krisia larriagotu eben beste motibo batzuk egon zira: multinazionalen lehia itzela, ez ordaintze garrantzitsuak atzerrian, eskasiak teknologiari jagokonez, auto-finantzazino urria, etab. Horren guztiaren ondorioz, galera ekonomiko handiak etorri ziran eta sei urte beranduago enpresak porrot egin eban.

1992ko urtarrilaren 22an, Valca etxeak ordainketa-etendurea eta kaudimenbakotasuna autortu eban Bilboko epaitegietan eta, urtebete aurrerago, behin betirako zarratu eta Sopeñano de Menako instalazinoak likidau zituan.

Erakusketa xume honek VALCAren oroitzapen nostalgikoa izan nahi dau enpresearen etapa ezbardinei loturiko objektu, liburu, kartel, dokumentu, plano, argazkiak eta bestelakoak aurkeztuko baititu. Aldi berean, Espainia aldakor baten testuinguruan lantegi hori zanaren idea labur bat eskainiko dau: 40ko eta 50eko diktadura-autarkia, 60ko eta 70eko edegiera fasea eta demokrazia-nazinoartekotzea 80ko hamarkadan, amaitu dau González de Duranak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu