Fontes Linguae Vasconum aldizkariak mende erdia bete dau
2019-02-01 12:42 Euskerea berbagaiEuskal hizkuntzalaritzan erreferentziazko argitalpen zientifikoa da.
Ekitaldi ugari antolatu ditu Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoak hurrengo asteetarako. Izan be, 1969an sortu zan ezkero, aurten 50 urte bete ditu, mende erdia daroa hizkuntzalaritzearen inguruko artikuluak plazaratzen, euskerea ikergai daben adituei lekua egiten.
Aldizkaria Nafarroako Gobernuaren ardurapean argitaratzen danez, Iruñean egin dabe 50. urteurrenaren inguruko ekitaldiak aurkezteko agerraldia. Han izan dira Euskarabidea-Euskerearen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi, Kultura zuzendari nagusi Dori López Jurío eta argitalpenaren zuzendari Ekaitz Santazilia.
Arregiren arabera, Fontes Linguae Vasconum nazinoarteko aldizkari zientifikoen betekizun eta estandarretara egokituz joan da, euskal hizkuntzalaritzearen arloan dagoen erreferentziazko argitalpenetako bat bihurtu arte. Batez be komunidade zientifikoarentzat dan arren, herritar guztiakana heltzea da helburua, Santaziliak azpimarratu dauenez.
Helburu hori beteteko, 50. urteurrena aprobetxauko dabe, gizartean ikusgaitasuna izango daben ekitaldien bidez. Esate baterako, nazinoarteko kongresua egingo dabe martiaren 6an eta 7an Iruñean, euskereari buruzko hainbat ikerketa eremutan lortutako azken emoitzak aurkeztu eta metodo zein tresna barriak ezagutzera emoteko.
Bestetik, aldizkariaren inguruko erakusketea ikusi ahal izango da Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, zezeilaren 15etik martiaren 31ra. Zazpi atal nagusitan banatuko dabe, Fontes Linguae Vasconumen historia eta bilakaerea aztertzeko. Horrezaz gan, euskerazko testu zaharrak be erakutsiko ditue.
Urteurrenaren egitaraua eta argibideak, webgune honetan batu ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!