2020ko udagoienean egingo da II. Euskaraldia
2019-01-31 12:53 Euskerea berbagaiErakundeek funtzino aktiboagoa izango dabe Euskaraldiaren bigarren edizinoan.
Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskerearen erabilerea handitzea helburu izan dauen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizinoa 2020ko udagoienean egingo da. 2018ko zemendiaren 23a eta abenduaren 3a artean egindako ekimenaren lehen edizinoaren amaieran, jarraipena izango dauen ariketea izango zala azpimarratu eben Euskaraldiaren sustatzaile diran erakunde eta eragileen ordezkariek eta honezkero bigarren edizinoa atontzeko lehen pausuak emoten dabiz.
Zehetasunak lantzen badabiz be, bigarren Euskaraldiak ardatz bi izango dituala aurreratu dabe sustatzaileek: batetik, lehen edizinoan protagonista izan diran Ahobizi eta Belarriprest rolen bitartez Euskal Herri osoko herritarrei euren hartu-emonetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo jake; bestetik, bigarren edizinoko barrikuntza modura, era guztietako erakunderi euren funtzionamenduan euskerearen erabilerea areagotzeko pausuak emotea bultzatuko dau Euskaraldiak. Erakunde publiko, enpresa, denda, alkarte eta gizarte eragileak izango dira bigarren ardatz honetan konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituenak.
Herritarrei eta erakundeei deia
Hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzea epe luzeko lana dala jakitun, barriro be Ahobizi edo Belarriprest modura jokatzeko gonbita bateratua egingo jake herritarrei. Jakina danez, Euskaraldiaren lehen edizinoa ariketa masiboa izan da eta bigarrenean herritarrei euskerearentzako harreman eta eremu barriak irabazten jarraitzeko deia egingo jake; horretarako, Ahobizi eta Belarriprest rolek izango dabe barriro protagonismoa eta ikurren bidez identifiketea izango da ariketearen elementu garrantzitsuetako bat. Erabilitako ikurrek (txapak izan ziran ariketearen ikur nagusia) jarraipena izango dabe.
Erakundeek, barriz, funtzino aktiboagoa izango dabe Euskaraldiaren bigarren edizinoan. Aurrekoan 200 erakundetik gora izan ziran ekimenaren sustatzaile. 2020an, barriz, urrats bat aurrera egin eta erakundeen funtzionamenduan, euskerearen erabilerea eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo jake parte hartzen daben erakundeei. Pausuok eskatuko daben aurre-lana aintzat hartuta, 2019 urtean bertan hasiko dira erakundek neurriak hartzen eta herrietako batzordeak lanean.
Lehen edizinoaren emoitzea
Zemendiaren 23tik abenduaren 3ra artean egindako ariketearen emoitzak jasoten dabiz dira asteotan, herriz-herri eta hainbat erakundeetan antolatutako batzordeen balorazinoak jasoz. Horregaz batera, Euskaraldiko parte-hartzaileen datuen azterketea egin dau Gaindegia behategiak Euskaraldiaren antolatzaileen enkarguz. Izena emon daben 220.000tik gora Belarriprest eta Ahobizi-en azterketea egin da. Emoitzak ekimenaren webgunean dagoz.
Azkenik, Soziolinguistika Klusterrak gidatutako ikerketea be martxan da (martian jasoko dabe partaideek azken galdetegia) eta udan ezagutu ahal izango dira Euskaraldiaren lehen edizinoak izan dauen eraginaren emoitzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!