Hastear da Eskolarteko Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2019-01-31 08:07   Bertsolaritzea

Euskal Herriko lurralde guztietako gazteek hartuko dabe parte.

2018ko finala (argazkia: Euskal Herriko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteroko hitzordua ohitura sendo bihurtu da: Aurten 31. aldiz egingo dabe Eskolarteko Txapelketea, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatuta. 15 eta 18 urte bitarteko dozenaka neska-mutilek igongo dabe oholtzara, bat-bateko saioetan trebatzeko zein ondo pasetako bardin-bardin balio dauen sariketa honi esker.

Betiko legez, herrialdeka egingo ditue txapelketak. Lehenengo Gipuzkoan hasiko dira, han egongo diralako saio gehien. Zezeilaren 15ean izango da lehenengo kanporaketea, Ibarran. 23 bertsolari gipuzkoarren arteko onenek apirilaren 5ean jokatuko dabe finala, Lasturren.

Nafarrak saio bakarrean batuko dira, apirilaren 12an Arantzan. Ganerako lurraldeetan, maiatzean jokatuko ditue kanporaketak eta finalak. Ipar Euskal Herriari jagokonez, saio bakarra egongo da; Araban, bitan banatuko ditue gazteak: Gaztetxuenak maiatzaren 25ean, eta nerabeak maiatzaren 11n, Legution, Bertsoa Bizi Gazte Egunagaz batera.

Bizkaian lau kanporaketa jokatuko ditue finalistak aukeratzeko. Azken saioa maiatzaren 25ean izango da. Bertan erabagiko da Bizkaiko txapelduna, baita Euskal Herriko finalera pasauko diran biak be. Igaz Gorka Pagonabarraga izan zan irabazlea, eta Euskal Herriko finalean be bera izan zan txapeldun.

Herrialde bakotxeko onenak batuko dituan Euskal Herriko finala igazko leku berean egingo dabe, Saran. Bertso giro bikaina egoten da egun horretan, Euskal Herri guztiko gazteak batzen dira eta. Ganera, nahi dabenek Bertso Udalekuetan segidu leikie alkar ezagutzen eta bertsolaritzearen bidez lagunak egiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu