'Mundubira musika bidelagun': Munduari birea emoteko bost partitura
2019-01-30 08:11 MusikeaGetariako marinelaren bidaia gogora ekarriz, bost euskal konpositoreri proponidu deutse beste hainbeste konposizino sortzeko.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Mundubira musika bidelagun proiektua aurkeztu dau; hau da, bere ekarpena Juan Sebastian Elkano euskal marinela protagonista izan eban munduari egindako lehen birearen 500. urteurrenaren gomuteari.
Proiektu honen barruan, bost obra enkargau jakez beste hainbeste euskal konpositoreri, musikea jarri deien espedizinoaren zati ezbardinei eta, guztiak batera bidaiaren osotasuna islatuko dabe.
Robert Treviñoren lana oinarrian dauen proiektua da eta euskal kulturea eta musikea babesteko bere ahalegin berezia erakusten dau hilebetetako lanaren emoitzea dan proiektu honek.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Orkestrako presidenteak parte hartu dau Donostian egindako proiektu honen aurkezpenean.
Jakina da euskaldunek presentzia eta protagonismo nabarmena izan ebela munduari egindako lehen biran. Espedizino haretan, Juan Sebastian Elkanok ezinbesteko zeregina izan eban, eta bera izan zan birea egiten lehen marinela. 2019ko hasieratik 2022ra arte espedizino haren bosgarren mendeurrena izango danez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, herrialdean kultur erreferente izateko dauen bokazinoaren barruan, garrantzizkotzat jo dau Elkano aztertu, ikertu eta arakatzeko lanean ekarpena egitea, betibe musikearen arlotik. Ibilbide honetan berebiziko garrantzia izan dau Robert Treviño zuzendari titularraren lanak, ze euskal musika garaikidearen sorkuntzan sakontzen jarraitu dau. Ganera, modu berezian sartu da Eresbilen (Euskal Musikearen Artxibategia) eta bere ikuspegi artistikoa kojnpartidu dau gure Elkano eta bere mundubira musikala egituratzeko ahalbidean.
Euskadiko Orkestreak musika-abentura honi ekin deutso gure historiagazko hausnarketa eta erantzunkizun prozesuaren emoitza moduan. Eta Getariako marinelak egindako bidaia gogora ekarriz, bost euskal konpositoreri proponidu deutse beste hainbeste konposizino sortzeko, argibide bakar bezela emonez bidaiaren zati ezbardinetan oinarritzea. Musika-zati guztiak batu eta munduaren birea osatuko da, erabat barritzailea dan musika-ikuspuntu batetik.
Holan, bada, 2019/2020, 2020/2021 eta 2021/2022 Denporaldietan estreinauko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bost enkarguak. Horreetako bakotxa programa bereizi batean aurkeztu eta grabauko da, eta proiektuaren amaieran CD batean argitaratuko dira guztiak. Ibilbide hau guztia eta emoitzea izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Elkano eta bere bidaia ezagutzera emoteko egingo dauen ekarpen nabarmena.
Horixe izango da Mundubira 500: Elkano Fundazinoagaz bat egiteko modua Orkestrearentzat. Elkanoren ezagutzea sustatzeko eta oraindino be hainbat alorretan nahiko ezezaguna dan bere historiari buruz ikertzen jarraitzeko proiektuak koordinetako helburuagaz sortu da fundazino hau.
Bost konposatzaileak honakoak dira, enkargu eta estreinaldi hurrenkerearen arabera: Mikel Chamizo, Mikel Urquiza, Joël Mérah, Teresa Catalán eta Zuriñe F Gerenabarrena. Bost egileak hainbat euskal lurraldetakoak dira eta zenbaki horrek espedizinoan abiatu ziran bost ontziei egiten deutse erreferentzia.
- Mikel Chamizo (Tolosa, 1980): Espedizinoaren irteerea, 1519 (estreinaldia 2019ko udagoienean).
- Mikel Urquiza (Bilbo, 1988): Hego Amerika (estreinaldia 2020ko udabarrian).
- Joël Mérah (Clichy, 1969): Ozeano Barea, Asia (estreinaldia 2020ko udagoienean).
- Teresa Catalán (Iruña, 1951): India, Afrika (estreinaldia 2021eko udabarrian).
- Zuriñe F Gerenabarrena (Gasteiz, 1965): Itzulera, 1522 (estreinaldia 2022ko udabarrian).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!