Bertso Eskolak gogoan Barañainen

Bizkaie! 2019-01-28 07:55   Bertsolaritzea

Ehundazak zale batu zituen Bertso Eguneko ekitaldiek.

Igaz izaerea aldatu eban Bertso Egunak, Donostia itxi eta Mungiara jota. Aurten, Barañainen, Bertso Eskolen Egunagaz bat eginda ospatu eben ekitaldi horren 50. edizinoa, zapatuan. Bertso eskoletan dabizan bultzatzaileak, irakasleak, ikasleak... gogoan hartu zituen arratsaldeko hitzordu nagusian, goi mailako bertsolariek oholtzan egindako lanari esker.

Beste jarduera ugari be egon ziran Barañainen. Andoni Egaña eta Alberto de Abajo bertsolariek eta Xabi Zabala musikariak gidatutako Enkarguz izan zan, beharbada, originalena. Alaitz ikastola publikoaren abestia goiz haretan sortu eta aurkeztea, horixe izan zan hirurentzako erronkea. Martxan jarri, eta ordu eta erdian asmau zituen kanta barriaren doinua eta berbak. Sorkuntzea jente aurrera eroatea izan zan asmoa, parte-hartzea bultzatzeko.

Bertso-poteoa egin eben gero Barañaingo kale eta tabernetan. Honeek izan ziran bertsolariak: Andoni Egaña, Aitor Servier, Alaia Martin, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa.

Arratsaldeko saioan, ostera, Xabat Galletebeitia, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Maddalen Arzallus eta Beñat Gaztelumendi bertso eskolara eroan zituen barriro. Xabier Amurizaren sasoiak gogoratu zituen, bertso eskolak hasi ziranekoa. Bost bertsolariek txikitako gomutak ekarri zituen bertsotara. Ganera, bertsolaritzea hazteko bertso eskolak ezinbesteko bihurtu dirala azaldu eben.

Bertsozaleen erantzuna bikaina izan zan. Bazkarian 235 lagunek emon eben izena, eta arratsaldeko saio nagusian 460 entzule egon ziran. Gauean be ospakizunerako eta onso pasetako tartea egon zan, zaleek jarritako giroari eta antolatutako kontzertuei esker.

Bide batez, 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketearen nondik norakoak emon zituen. Tuteran hasiko da, zezeilaren 9an. 24 bertsolarik hartuko dabe parte (urtarrileko aurrekanporaketak kontuan hartuta, 30ek), lau final lauren, hiru finalaurreko eta finala jokatuko ditue. Azken saio hori Iruñean izango da, martiaren 23an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu