Getxoko IV. Euskera Planak 140 neurri dakarz euskerearen erabilerea sustatzen segiduteko
2019-01-25 09:15 Euskerea berbagaiProzesu osoan, herritarrek osotutako Euskera Aholku batzordearen partaidetzea be izan da.
Getxoko Udalak 2019 eta 2022ra arte indarrean izango dan Getxoko IV.ESEP, Euskera Sustatzeko Ekintza Plana onartu barri dau, hizkuntza-gaitasuna handitzeko, erabilerea sustatzeko eta euskera eta bakotxaren berbakerea aberasteko. Aurreko planei jarraitasuna emongo deutson Planak helburu horreek lortzeko 11 esparrutan eragitea proponiduten dau, hain zuzen be, familian, irakaskuntzan, helduen euskalduntzean, kultur artekotasunean, administrazinoan, aisialdian, kiroletan, lan-munduan, kulturgintzan, komunikabideetan eta teknologia barrietan. Esparru horreetarako 140 neurri aurrera eroatea zehaztu da, horreen artean, batzuk urtero erantzun handiagaz egiten diranak, Getxoz gaindiko egitasmo garrantzitsuak eta egoera soziolinguistikoak eskatzen dituan barri batzuk.
Emoitza positiboa izan daben esparru eta jarduerak errepetiduteko asmoa dauka Planak eta, aldi berean, beste hainbat urrats barri proponiuten ditu, lehentasuna emonaz, esate baterako, ume eta gazteei, euren aisialdiko jardueren hizkuntzea euskerea izatea sustatzeari; guraso gazteei, Administrazinoaren proaktibotasunari eta kultur espazio barrietan euskerea ohiko hizkuntzea izateari, azaldu dau Koldo Iturbek, Euskera zinegotziak.
Euskera Plana sozializazino fasetatik pasau da
Lehenengoan hainbat esparrutako eragilegaz (udalerriko kultur, kirol, Gizarte Zerbitzuak, Gazte, Bardintasun, arduradun politiko...) eztabaidatu zan eta bigarrenean, jentaurrean jarri zan eztabaidagai udal webgunean. Horren ondorioz, 61 proposamen, galdera edo ekarpen jaso ziran. Prozesu osoan, herritarrek osotutako Euskera Aholku batzordearen partaidetzea be izan da, batez be, hasierako zirriborroaren aurrean eretxiak emoten eta amaieran herritarrek aurkeztutako ekarpen eta iradokizunak aztertzen.
Aurreko planaren betete mailea
III. Euskera Planak (2013-2017) proponidutako 285 neurritatik 227 egin ziran, hau da, % 79, aurrekoetan baino gehiago, lehenengoan eta bigarrenean % 72 bete baitzan. Neurri gehienak bete ziran euskerea belaunaldiz belaunaldi (irakaskuntza, euskalduntzea, familia eta kultur artekotasuna) eta etenik barik transmitidutea helburu eben esparruan, (77 neurritatik 60) eta gitxienak euskerearen elikadurea bilatzen eben atalean (59tatik 45), hau da, kulturgintzan, komunikabideetan eta teknologia barrietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!