Arriaga, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenagaz bat
2019-01-25 12:49 KultureaHamaika amaren seme (alaba) antzezlana emongo dabe zapatuan.
Antzerkia bultzatzea izan da Eusko Ikaskuntzaren arduretako bat, 1918an sortu zanetik. Horregaitik, erakundearen mendeurrena gogoratzeko ekitaldien artean ezin zan faltau antzerkigileen parte-hartzea. Doke Antzerki Taldeak zapatuan, hilak 26, aurkeztuko dau Hamaika amaren seme (alaba) obrea, Bilboko Arriaga Antzokian.
Josemari Velez de Mendizabalek sortutako obra horretan, azken mendearen errepasoa egiten da. Jazoera historiko bakotxa Eusko Ikaskuntzaren bilakaerako mugarrien bitartez kontetan da, ibilbide paraleloa eginaz: Baserri giroko gizartetik gaur egungo giro politikora, momentu argiak eta ilunak tartekatzen ditu ehun urteko bidaia horrek.
Josemari Velez de Mendizabalen testuan oinarrituta, Vene Herrero da zzuendari artistikoa, eta, zuzendari musikala, Larraitz Arriolabengoa. Izan be, musikeak be garrantzia dauka obra honetan. Pianoa eta txalapartea joten ditue oholtzan.
Sorreratik bertatik, antzerkia izan da Eusko Ikaskuntzak lehenetsi dauen jardueretako bat, helburu nagusi bi beteteko: Gazteen artean zeregin artistikoa sustatzea, eta euskerea lantzea. Antzezlanen biltegia sortu eban Eusko Ikaskuntzak, antzerki-taldeen errepertorioak osotuteko. Testu originalen lehiaketak antolatu zituan, baita Euskal Herri osoko antzerki-talde amateurrentzako antzerki-ekitaldiak be.
Era berean, euskerazko obrek lekua izaten eben Eusko Ikaskuntzaren kongresuen egitarau akademikoetan, eta 1927tik 1936ra erakundeak antolatutako udako ikastaroetan. Mendeurreneko Kongresuan, beraz, ezin faltau antzerkia. Arrasateko Doke Antzerki Taldearen lankidetzeagaz Hamaika Amaren Seme (Alaba) estreinau eben XVIII. Kongresu horren inguruan. Orain, Arriaga Antzokian eskainiko dabe antzezlana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!