Zilekoaren hirugarren edizinoa egingo dabe

Bizkaie! 2019-01-25 08:40   Bertsolaritzea

Bizkaiko neska gazte bertsolarien topalekuan izena emoteko epea zabalik dago.

Zilekoaren aurreko edizino bat (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertso eskoletatik plazara saltoa egiteko orduan neska gazteak ahaldunduta egon daitezan eta inguruan konfiantza-sare sedoa izan deien, Zilekoa topaketea antolatzeari ekin deutsie Bizkaian. Bertsolari beteranoagoen gidaritzapean, gazteek bertsolaritzea euren ikuspegitik landu leikie, emakumeen kezketatik eta ahotsetik abiatuta.

Zilekoaren hirugarren edizinoa zezeilean hasiko da, eta parte hartu nahi dabenek izena emon leikie, urtarrilaren 31ra arte (hemen). Saioak zapatu goizetan izango dira, Larrabetzun eta Durangon, Oihana Bartra eta Miren Amuriza gidari dirala.

Formatuari jagokonez, saio guztiek izango dabe antzerako egiturea: lehenengo zatian, emakume erreferentzial baten bisitea, eta bizipenak konpartiduteko aukerea; ostean, bertso eskolea egingo dabe. Lehenengo konbidadua Onintza Enbeita izango da, Bizkaiko txapelduna. Zezeilaren 2an batuko da Zilekoako parte-hartzaileakaz.

Hurrengo saioa martiaren 9an egingo dabe. Ines Osinaga musikari eta abeslaria han izango da. Apirilaren 6ko hitzorduan, Uxue Alberdi egongo da eta, azkenik, maiatzaren 4an amaierako jaia egingo dabe.

Zilekoan izena emotea doban da. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak bertsolari gazteak animau ditu parte hartu deien. Alkarregaz eta alkarregandik ikasteko aukera ederra dala dino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu