Obra zaharbarrituak erakutsi ditu Bilboko Arte Eder Museoak
2019-01-24 13:15 KultureaHainbat euskarri eta sasoitako artelanak lehengoratu ditue 2018an.
Urtero, Bilboko Arte Eder Museoko bildumako obra batzuk aukeratzen ditue, Iberdrola-Museo programearen bidez zaharbarritzeko. Miguel Zugaza museoko zuzendariak azaldu dauenez, azken urteotan hazi egin da egitasmoa. 2018an be, obra ugari barriztau ditue, eta horreetako zazpi jentaurrean aurkeztu ditu museoak.
Erdi Aroko zein Aro Garaikideko obrak dagoz tartean, jatorri, estilo eta formatu ugaritakoak. Andre Mariaren Zazpi Bozkarioen erretaulea, esate baterako, Pere Nicolauk 1398aren bueltan pinu-oholean marraztutako piezea da. Ama Birjinea eta San Joan agertzen dituen egur polikromaduak be XIV. mendekoak dira, baina egile anonimo batenak.
Mende bat geroago egindako erretaulea be anonimoa da. San Bartolomeren bizitzako lau pasarte erakusten ditu, beste horrenbeste piezatan. Obra barriagoa da Erromatar Karitatea izeneko XVIII. mendeko koadroa.
Juan Barroeta Lecandak 1833an marraztutako erretratua Bizkaiko artearen erakusgarri da, baita Roberto Laplazaren 1875eko Venusen atsedenaldia be. Papel ganean egindako serie luze baten parte da azken hori; hamabost barriztau ditue oraingoan, baina Venusen hori baino ez deutse publikoari erakutsiko. Amaitzeko, 1957koa da José María Ucelayren papel ganeko erretratua.
Arte Eder Museoaren konserbazino eta zaharbarritze atalak obra bakotxa lehengoratzeko egiten dauen ahalegin ikaragarria izkutuan geratu ez daiten, prozesuaren azalpen laburra ipini dabe bakotxaren alboan, bisitariek irakurteko. Gaur aurkeztutako obrak ikusi nahi dituanak, ABC, Bilboko Museoaren Alfabetoa erakusketan topauko ditu, beste artelan askogaz batera.
Ganera, Bartolomé Esteban Murilloren obra baten XVIII. mendeko kopia anonimoa be zaharbarritu dabe, publikoari erakutsi ez arren. Horrezaz gan, 2018ko programan lehengoratutako pieza batzuk lehendik aurkeztuta eta ikusgai egon dira, berbarako, Dario Urzayren Behatzailearen sabela instalazinoa.
Miguel Zugaza zuzendariaren arabera, museo guztien zeregin garrantzitsuenetako bat da zaharbarritzearena. Bilboko museoaren kasuan, azken urteotan egin diran hiru aurrerapausu nabarmendu ditu:
Batetik, formakuntzearen alde egin daben apustua. Izan be, bekadunek hartzen dabe parte zaharbarritzeetan. Aurten, bekadun bat barik, bi egon dira.
Bestetik, Madrilgo Prado Museoagaz daukien lankidetzea sendotu da. Ezagutzen trukea dala adierazo dau Zugazak.
Azkenik, zabalkundea emotea programa honetan egindako lanari. Zaharbarritutako obrak publikoari erakutsi eta prozesuaren barri emonaz, balioa emoten jakola uste dau Zugazak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!