Bilborock aretoan 349 jarduera egin ditue 2018an

Bizkaie! 2019-01-24 08:49   Kulturea

2019rako nobedade bi nabarmendu daitekez: Bilborock Gazte Eguna eta Musika Lokala.



Bilboko Udala
ren Bilborock Aretoa finkatu egin da azken lau urteotan uriko gazteentzako aisiagune moduan. Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak egunotan aurkeztu dau Bilborock Aretoan bertan Udalaren ekipamenduaren bilakaerea eta azpimarratu dau Udalak udal ekipamendu honen aldeko apustuagaz eta konpromisoagaz jarraituko dauela, 'gazteek gazteentzako ekimen eta proposamenak egiten dituana' izateko. Agirregoitiak azpimarratu dau lau urte honeetn 2015-2019 Gobernu Planean aurreikusitako helburuak bete dirala: Bilborock musika eta kontzertuetarako areto ez eze, aisialdiaren eta kulturearen erreferente be bihurtu da Bilboko gazteenentzat; musika arloko proposamenez gan, beste diziplina batzuetakoak be badagoz, Bilboko gazteen nahiei eta premiei erantzuteko: Askotan, ganera, proposamen horreek gazteek eurek egiten ditue eta holan, aukerea emoten jake euren proiektuak eta sormenlanak aurkezteko espazio profesional batean, ikus-entzule gazteen aurrean amaitu dau.

Bilborock-en gero eta jarduera gehiago egiten dira. Azken lau urteotan % 16 hazi da jentearentzako Bilborock-en egiten diran jardueren kopurua: 2015ean, 300 jarduera egin ziran eta 2018an 349. Era berean, okupazino-egunak % 9 hazi dira: 209 izan ziran 2015ean eta 228 2018an. Daturik esanguratsuenetako bat ikusleen bilakaerea da; 16-25 urtekoak dira gehiengoa Bilborock-en (% 82), % 25eko igoereagaz. Datu horrek argi erakusten dau Udalak beste helburu bat be bete dauela: Bilborock-era ikusle gazteagoak erakartea.

Programazinoari jagokonez, Bilborock-ek bilakaerea nabarmena izan dau, leku egin dauelako gazteen taldeek eta alkarteek programau deien. Programautako gazteen kolektiboen kopuruak % 70,5 egin dau gora 2018an, 2017arekin alderatuta. Hamazazpi izatetik 29 izatera heldu dira.


Jarduera ardatzak

Bilboko Udalak lehentasunezko 4 jarduera-ardatz ezarri ditu 2019an lanean jarraitzeko: Bilborock diziplina askotako agertoki moduan sustatzen jarraitzea: gazteen eta bidea egiten ari diren musika-banden agertoki ez eze, Udalak ateak edegi nahi deutsee beste diziplina batzuei (zientzia, teknologia, arte eszenikoak...); gazteentzako eta gazteen taldeentzako programazino-espazio moduan sendotzea Bilborock: Bilborock gazteentzako espazio izateagaz batera, gazteek eta gazteen taldeek euren ekimenak programetako aukera-espazioa izatea nahi dau Udalak, holan 2015-2019 Gobernu Planean jasotako helburuetako bat betez; emakumearen presentzia bultzatzea: Helburu nagusietako bat da Bilborock-en emakumeen presentzia sustatzea eta areagotzea, bai ikusle moduan, bai ekimen-sortzaile eta ekimen-sustatzaile moduan; Bilbo Zaharra inguruaren dinamizazinoan laguntzea: Bilborock Bilbo Zaharrean egoteak inguruaren ezinbesteko dinamizazino-elementu bihurtzen dau.

 

2019ko barrikuntzak


- Bilborock Gazte Egunak. Bilboko Udalak, jarduerak edo ekitaldiak antolatzeko aukerea dakar 18 eta 35 urte bitarteko persona eta taldeei; taldean aurkeztu ezkero, gitxienez, erdiak edade-tarte horretan egongo dira. Hilean egun bitan (martitzena eta/edo eguaztena), Bilborock-ek erabilera askotarako aretoa, hango ekipoak eta teknikariak jarriko ditu erabilgarri, nahi dabenentzako. Helburua da erabilera askotarako aretoa erabilteko aukera ematea gazteei eta gazteen taldeei, euren jarduerak eta ekitaldiak Bilborock-en egin ahal izan deiezan.

Hainbat arlotako jarduerak edo ekitaldiak izan daitekez: musika, arte eszenikoak, teknologia, diseinua, sorkuntzea, barrikuntzea eta gazteei begirako beste jokera batzuk.

Urtean zehar proposamen bat edo gehiago aurkeztu daitekez. Proposamenak urtean zehar bialduko dira bilborock@bilbao.eus helbidera, gaian Gazte Egunak jarrita eta jardueraren deskribapen-fitxea beteta.

- Musika lokala. Udalak gazteen musika-banden aldeko apustua egin eta laguntzinoa emon nahi ddeutsela. Bilborock-ek lau kontzertu antolatu ditu (martiaren 21ean, maiatzaren 3an, urriaren 10ean eta abenduaren 13an) talde hasibarriek doban joteko aukera izan deien. Musika-estilo guztietako taldeek parte hartu leikie baina kideen erdiak, gitxienez, 18 eta 35 urte bitartekoak eta Bilbokoak izango dira.

Hiru kontzertu horreetan joteko izena emon behar da Bilbao Gazteren web orrian, galdera-sorta bat bete behar da eta helbide honetara bialdu, gaian Musika Lokala jarrita: bilborock@bilbao.eus

Bilboko Udalak, Gazteria eta Kirol Sailaren bidez, kontzertu bakotxerako hiru talde aukeratuko ditu, honakoak kontuan hartuta: musika-proposamenaren kalidadea, 18 eta 35 urte bitarteko kide-kopurua, taldeko emakume-kopurua eta Bilbon erroldautako kide-kopurua.


Askotariko programazinoa eta barritzailea

Bilborock-en finkatutako programazinoagaz batera, aipatzeko modukoak dira gehitu diran ekimen barriak, izan be, gazteek eta gazteen taldeek euren ekitaldiak egiteko leku egokia baita Bilborock. Esangura horretan, 2019ko lehenengo seihilekoan, Bilborock-eko programazinoaren barruan Udalak sustatutako programea aurreikusi dabe.


Bilborock-eko talde eragilea

2016tik saioetakoren batean parte hartu dabe 21 talde edo alkartetako 23 gaztek. Parte-hartze bidezko espazio hori lanean dabil proposamen barriak alderatu, entzun eta gehitzeko. Ganera, talde eragile horri esker, arlo desbardinetako trebetasunak eta zaletasunak dituenez, aukerea dabe gazteek euren esperientziak eta ideak trukatzeko, holan euren arteko eta euren eta euren taldeen arteko sinergiak sortuz.

Bilboko Udalaren helburua da gazteak sartzea kultur arloko eta aisiako Uriko eskaintzea zehazten. Holan, bada, talde eragilea Bilboko Udalak Bilboko gazteen iradokizunak eta proposamenak entzuteko eta horreei erantzuteko beste modu bat da, lehendik be horretako aukerea emoten dauelako Udalak, Bilbao Gazteko sare sozialen bidez edota Ideak Martxan eta Bilbao Gazte Balioak Martxan programen bidez.

Momentu honetan Bilborock-eko talde eragilean 8 persona dagoz, hainbat eremutakoak, besteak beste, kultura urbanoa, musikea, teknologia, kudeaketa kulturala, bideo-jokoak, entretenimendua, zientzia eta arte eszenikoak.


Bilbaorock Aretoak 20 urte baino gehiago ditu

Bilborock Aretoak 22 urte ditu. Bilboko Udalak 90eko hamarkadan eskuratu eban eraikina, eleiza barroko bat, gazteentzako espazio hau abian jarteko.

Udal instalazio hori uriko erdigune historikoan dago eta jarduerez betetako lekua da. Esan daiteke etenbako sinergiez betetako zentroa dala gazteentzat. Musikaz gan, Bilborocken era guztietako jarduera interesgarriak egin daitekez: zinemea, antzerkia, jantzak, instalazioak, esperimentazinoko laborategiak, hitzaldiak eta aurkezpenak.

Bilborock erreferentziako espazioa da gazteentzat eta gazteen taldeentzat, baita kulturea sustatzen daben enpresa eta erakundeentzat be; uriko gazteentzako ekimen interesgarriak sustatu, sortu, erakutsi, esperimentau, produzidu eta konpartidu daitekez espazio horretan.

Bilborock Aretoa espazio bizia da, etenbako sinergiez betetakoa eta hainbat diziplina hartzeko prestatua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu