Junes Casenave, Manex Pagola eta Xalbador Garmendiari omenaldia

Bizkaie! 2019-01-24 08:07   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak Donostian egingo dauen batzarrean gogoratuko ditue hiru hilbarriak.

Manex Pagola izango da omenduetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitzako Iargi aretoan egingo dau Euskaltzaindiak Agiriko Bilkurea, barikuan, hilak 25. Ekitaldi hori aprobetxauko dau Akademiak oraintsu hildako hiru euskalariri omenaldia egiteko. Bakotxaren hilbarri txostena irakurriko dabe, 12:30ean.

Junes Casenave abade zuberotarra, batez be, pastoralak idazteagaitik nabarmendu zan, baina bestelako argitalpenak be egin zituan. 2000tik ohorezko euskaltzaina zan, eta 2018ko irailean hil zan. Jean-Louis Davantek irakurriko dau hilbarri txostena Donostian.

Manex Pagola kantagintzan nabarmendu zan: Lehenengo abesten, ondoren kanten berbak idazten. Harek idatzitako abesti asko ezagun-ezagunak dira euskal errepertorioan. Ipar Euskal Herrian, herrigintzako eta kulturgintzako alor ugaritan eragile izan zan. Ohorezko euskaltzain izentau eben, baina handik gitxira hil zan, 2018ko bagilean. Gexan Alfarok irakurriko dau hilbarri txostena.

Xalbador Garmendia gipuzkoarra 1965etik zan euskaltzain urgazle, eta euskera batuaren sorreran hartu eban parte. Itzulpengintzan ibilitakoa, euskera arduradun izan zan Egin egunkarian eta Ikastolen Alkartean. Lourdes Otaegik irakurriko dau hilbarri txostena.

Euskaltzaindiak aurreratu dauenez, euskalgintzan horren arrasto sakona itxi daben hiruron gomutazko ekitaldia musikaz girotuko dabe. Izan be, Pantxoak, tarteka, Manex Pagola omenduaren kantak joko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu