Pablo Gonzalez de Langarikak idatzitako poemen lehenengo antologia aurkeztuko dabe

Bizkaie! 2019-01-22 10:12   Kulturea

Llama al viento (Amargord) liburuaren aurkezpen ekitaldia izango da gaur.

Pablo González de Langarika | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak, Llama al viento (Amargord) liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau gaur, hilak 22, 1975 eta 2015 artean idatzitako Pablo González de Langarikaren (1974-2016) poesiaren lehenengo antologia. Ekitaldian, José Fernández de la Sota poeta bilbotar eta antologiaren egileak, Juanjo Lanz literatura kritikariak, Javier Arnaiz poeteak eta Chema de la Quintana liburukiaren editoreak hartuko dabe parte.

Topaketea Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera libreagaz, leku guztiak bete arte. Ekitaldiaren barruan, poeta bilbotarraren zenbait bertso errezitauko ditu Edu Portolések, Alberto Luis Egiak pianoan lagunduta. Streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Pablo González de Langarika (1947-2016) idazle autodidakteak, sorkuntza literarioagaz eta Euskadiko poesia aldizkari garrantzitsua izan zan Zurgairen argitalpenagaz buztartzen jakin eban industrian egindako lana. González de Langarika gaztelaniaz idatzitako euskal lirikearen barritzaile nagusietakoa da, eta 1988ko Los ojos de la iguana y otros poemas poema liburua testuinguru horretako ezinbesteko erreferentzia da.

Gizarte gaiak eta gai existentzialak lantzeko orduan Blas de Oteroren, Juan Larrearen edo Miguel de Unamunoren eragina nabarmena dan arren, bere lengoaia propioa sortzen jakin eban. Horren ezaugarri nagusiak irudi bisionarioak, insolitoak eta errealidadearen kontzeptu ezkorra dira.

Argitaratutako lanen artean ondokoak azpimarratu behar dira: Canto terrenal (Bahía Saria,1975), Contra el rito de las sombras (1976), Del corazón y otras ruinas (Alonso de Ercilla Saria, 1985), Los ojos de la iguana y otros poemas (Alonso de Ercilla Sariaren Accesita, 1987), Los ónices de Onán (Galleta del Norteko Literatur Tailerren II. Poesia Erotiko Lehiaketako Saria), Cálices de Octubre (Alonso de Ercilla Sariaren Accesita) edo La rueda oscura (Imajina ezazu Euskadi Saria).

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburua eta literaturea zabaltzea dituan gunea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu