'El vicio del poder'

Karolina Almagia 2019-01-22 08:40   Zinema kritikak

Filma ez da biopic tradizionala.


- Zuzendaria eta gidoilaria: Adam McKay.

- Aktoreak: Christian Bale, Amy Adams, Steve Carell, Sam Rockwell, Jesse Plemons, Alison Pill, Stefania Owen, Jillian Armenante, Brandon Sklenar...

- Produktoreak: Gary Sanchez Productions / Plan B Entertainment / Annapurna Pictures.

- Generoa: Komedia, biografia, politikea.

- Herrialdea: AEB.

- Iraupena: 132 min.

- Balorazinoa: 3/5

Dick Cheney, George Bushen mandatuan presidenteordea izan zana eta benetazko poterea eban gizonaren figurea aurkezten deusku film honek.

Christian Bale, Steve Carell, Amy Adams eta Sam Rockwell dagoz aktore zerrenda luze baten puntan eta izarren kameoak be agertzen dira metraje luzean zehar.

Baina El vicio del poder ez da biopic tradizionala. Adam Mcay komedia estadubatuar barriaren ordezkari ospetsua da eta film honetan originala izatea nahi izan dau, emoitza eztabaidagarriakaz. Genero eta estilo asko nahasten ditu: dokumentala, komedia, ikerketa politikoa, karikaturea, satirea, sarkasmoa, irudi errealak, biolentzia... Estilo batetik bestera egiten dau salto, bromatik larritasunera, eta gehiegikeri honek despistea eragiten dau. Barre eragin nahi dau baina gitxitan lortzen dau. Momentu batzuetan aspergarria da eta beste batzuetan, desatsegina.

Argi dago Dick Cheney legebakoa da, eskrupulurik bako gizona, torturatzailea, Iraken inbasinoa agindu ebala jakinez ez ebala zer ikusirik Torre Bikien atentaduagaz eta milaka lagun hil zirala haren erruz. Baina holako personaia bat aurkezteko ez dozu manikeismoa erabili behar, izan be, horrek sinisgarritasuna kenduko deutso kontakizunari. Film honetan, Cheney gaiztoa da, oso, baita tontoa be, eta bere emaztea da benetan hariak mobiduten dituana. Poterean dagozan gizonak ergel hutsak dira, idearik bako handinahiak.

Esangura horretan, batzuetan Michael Moore gogora ekarten badeusku be, beste batzuetan Torrente gogoratzen dogu. Gaur arokoa eta apurtzailea dan film honegaz, bromek heriotzea eta gerra irudiakaz nahastauta ez dabe grazia handirik.

Egia esan, ordu bi pasau ta eta gero, filmak ez dau lortzen personaia nagusian sakondu, ezta jazoera politikoetan be. Sinplifikazinoaren apostua egiten dau zuzendariak. Nahiz eta gauza on batzuk euki, gai oso interesgarri bat jorratzeko aukerea galdu da film honetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu