Helburu nagusia eremu urriko hizkuntzen batasuna jagotea da
2019-01-21 08:57 Euskerea berbagaiHizkuntza gitxiagotuen hiztunen eskubideak defendiduteko ituna bultzatuko dau Euskaltzaindiak.
Ondokoak izan dira Europako hizkuntza akademia eta instituzinoen arteko ituna babestu daben erakundeak: Andres Urrutia (Euskaltzaindia); Cor van der Meer (Fryske Akademy); Benoit Dazeas (Lo Congrés Permanent de la Lengas Occitan); Henrique Monteagudo (Real Academia Galega); Joan Argenter (Institut d´Estudis Catalans); eta Elena Chiocchetti (EURAC - Institute for Applied Linguistics).
Euskaltzaindia-Euskerearen Errege Akademiaren ekimenez, Europako hizkuntza gitxituak eta/edo gitxiagotuak jagoten jarduten daben edo horreen egoerea nahiz gizarte eta hizkuntza-bilakaerea ikertzen daben erakunde akademikoak alkarlanean ibilteko lankidetzarako esparru-hitzarmena lantzen dabiz aspaldi honetan. Esparru-hitzarmena ondoko zioetan oinarritzen da eta geroago azalduko dagun edukia izango dau.
Zioen azalpena
1. Arestian esandako erakundeen helburu nagusia eremu urriko hizkuntzen batasuna jagotea da, nork berearena, hizkuntza horreen ikerketea sustatzea, lexikoaren eta gramatikearen araudia ezartzea eta eguneratzea eta, azkenik, hizkuntzon gizarte-bilakaerea begiratzea.
2. Hizkuntzakazko helburuetan bat datozenez, erakundeek harremanetan sakondu eta alkarlanean jardun nahi dabe erakunde bakotxaren eremuko hizkuntza bizibarritzen dauen proiektuetan, bai eta esperientziak, ikerketa-proiektuak eta baterako argitalpenak trukatzen edo bibliografiako funtsakkonpartiduten be.
3. Erakunde akademikoek hizkuntza gitxiagotuen inguruko akademia, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroen sarea eratu nahi dabe, Europako eremuaren barruan. Aldi berean, helburu dabe Europar Batasuneko erakundeek hizkuntza-komunidadeen ordezkaritzea autortzea, Europako kontinenteak berezko dauen hizkuntza-aniztasunari buruzko jakintza eta horregazko begirunea bultzatzeko.
4. Erakundeen helburu erkidea da funtsezko hizkuntza-eskubideak aldeztea eta hizkuntza-eskubideak sustatu nahiz horreakazko begirunea bultzatu behar dan herrialdeei alkartasuna adierazotea.
5. Zeinek bere eremuko hizkuntzearen akademiaren zein eremu horretako hizkuntza edo hizkuntzak ikertzeko erakundeak diranez, helburu erkideak edo osogarriak dituenez, eta baliabide guztiak ahalik eta ondoen erabilteko aukerea emoten daben ikerketa zientifikoko proiektuak eta jakintzea zabaldu eta kudeatzeko proiektuak sustatu nahi dituenez, jarduteko eta konpromisoak hartzeko gaitasuna alkarri autortzen deutse.
Edukia
Lehenengoa. Esparru-hitzarmenaren helburua da alderdien arteko lankidetzarako oinarriak eta tresnak ezartzea, baterako proiektuei ekiteko helburuz. Hain zuzen be, ondokoei lotutako oinarriak ezartzea:
a) Alderdien arteko lankidetzarako oinarriak eta tresnak ezartzea eta sinergiak sortzea nork bere ardurapeko hizkuntzei buruzko azterlanak eta ikerketa-proiektuak batera garatzeko.
b) Informazioa, liburuak, argitalpenak eta bestelako funts jakingarriak trukatzea. Esangura horretan, beharrezko baliabideak atonduko dira liburutegietarako modua eta hareetan eskaintzen diran zerbitzuetarako modua egon daiten. Era berean, dana dalako hizkuntzeari jagokozan ikerketa-proiektuetan, erakunde bakotxak darabilzan metodoak eta teknikak ezagutzera emongo dira.
c) Erakunde batek edo batzuek argitaratzen dituen interes orokorreko argitalpenetan alkarlanean jardutea.
d) Hizkuntza gitxiagotuen inguruko akademia, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroen sarea eratzen parte-hartzea, Europako eremuaren barruan. Aldi berean, lanean jardutea Europar Batasuneko erakundeek hizkuntza-komunidadeen ordezkaritzea autor deien, batik bat, hizkuntzen akademiei, Europako kontinenteak berezko dauen hizkuntza-aniztasunari buruzko jakintza eta horregazko begirunea bultzatzeko.
e) Baliabide eta tresnei jagokenez, jakintza tekniko eta linguistikoa eskuetaratzea erabiltzaileei eta ikertzaileei. Erakundeek erabili eta egokitu deien azpiegitura digitala eta tresnak garatzen laguntzea.
f) Esparru-hitzarmenaren barruan, egokitzat joten dan beste zeinahi zeregin, hizkuntzei buruzko biltzarrak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea.
Bigarrena. Alkarlanean ibiliko dira hizkuntza gitxiagotuen inguruan dabizen Europako beste akademia eta hizkuntza-erakunde batzuk hitzarmenari atxikitzeko, honako esparru-hitzarmen honi gehituko jakozan eranskinen bidez, betibe alderdi guztiek sinaturik.
Edozelan be, dana dalako akademia, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroak esparru-hitzarmen honegaz bat egitea eskatu ahalko dau, baina hitzarmena sinatzen dabene erakunde guzti-guztiek onartu beharko dabe eskaerea, horretarako ezartzen dan prozedurea erabiliz.
Hirugarrena. Urte biko epean, Euskaltzaindia-Euskerearen Errege Akademiak, Gobernu Batzordea dala bide, hitzarmenagaz bat egiteko eskaerak batuko ditu eta ganerako kideei eskaeren barri emongo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!