Garazi Sanchez: 'Garaipen zein porrotetan Getxo beti egon da ni babesten'.

Koldo Isusi Zuazo 2019-01-21 08:05   Barriketan

Surflaria.

Garaziren gurasoei kirola eta naturan egindako jarduerak beti gustatu izan jakez eta bizitza estilo hori umezarotik bereganatu dau. Aitak kayak surfa egiten eban Lagako hondartzan, eta berak eta ahizteak itsasertzean denpora asko emoten eben buggy bategaz olgetan.

Garazi Sanchez zazpi urtegaz hasi zan surfean, joaten zan hondartzan mitikoa zan surflari baten Hang Ten taula bategaz. Familiak oraindino taula hori gordeta dauka eta Garazik batzuetan haregaz surf egiten saiatzen da.

Euskal Herriko zein Espainiako txapelketak irabazi ditu eta Europan be polito dabil, igaz 3. postua eskuratuta. Egun WQS zirkuituan lehiatzen da eta surfeko Munduko mailara heltzea zein 2020an olinpiko izatea dira Garaziren amesak, izan be, Tokioko Jokoetan lehen aldiz sartuko da surfa programa olinpikoan.

Ahalik eta ondoen jantzan egin beharko dau getxotarrak olatuen gainean, besteak beste, @rvca @iberdrola @isdin @_ocean52 @barebells eta @BATbasqueteam lako babeslek pozik egon daitezan.

 

1.- Getxoko Kirolari Onenaren Saria emon barri deutsue. Ze esangura dauka autortza horrek zuretzat?

Egiten dogun ahaleginaren errekonozimendua etxean jasotea ondo dago. Mundu guztian ibilten gara lehiatzen, eta etxean be horren barri izatea beharrezkoa da, atzean dagoan lan guztia aintzat hartzea eskertzekoa da. Ganera, nire garaipen zein porrotetan Getxo egon da beti ni babesten.


2.- Min hartuta zabiz aspaldian. Horrek zelan eragin deutso zure jardunari?

Lepoko lesinoa da, gorputzaren parte hori gehiegi behartzen dogulako, baina ez da oso larria. Deskantsua egitea pentsau dot, 2020ari bete-betean heltzeko. Horregaitik, orain errekuperazinoan sartuta nago, lehian baino gehiago, baina bestela ondo.


3.- Enpresa-ikasketak egiten zabiz. Mundu osoan surfean ibiltea eta ikastea bateragarriak dira?

Ia urte osoa kanpoan pasetan dot, eta hemen nagoanean be ez dot astirik izaten. Batxilergoa urruneko ikasketen bidez egin neban, atera kontuak. Baina beti pentsau izan dot ikasketak inportanteak dirala, ganera eguneroko errealidadeagaz lotzen nau ikasteak, ze lehian zabizanean eguneroko kezketatik urrunegi geratzen zara. Leku pasadisiakoetan ibili naz gazte-gaztetatik, hori ez da ohikoa, eta ez dot arretea galdu behar. Enpresa-ikasketetan ikasturte bakarra geratzen jat amaitzeko, gustoko dot eta kirol ibilbidea amaitu eta gero baliozkoa izango dodala uste dot.


4.- Txiki-txikitan hasi zinan surfean. Zelan izan zan?

Gurasoak beti oso kirolzaleak izan dira, Lagara joaten ziran furgonetan, eskaladea eta kayak-surfa egiten. Nebea eta biok, bitartean, buggyagaz hasi ginan, ume askoren moduan. Gurasoek beti bultzatu gaitue aire zabaleko kirolak egitera, surf eskolara eroan gintuen, skate pistan be ibilten ginan... beti itsasoari eta arrisku kirolei lotuta egon gara. Atzera begiratu ezkero, uste dot itzelezko subertea izan dodala, ze surfean serioago lehiatzen hasi nintzanean, eurek beti babestu ninduen, alde batetik bestera eroan... guraso guztiek ezin dabe halako dedikazinorik euki. Nik normaltzat joten neban, baina ez da, eurei esker hasi nintzan lehiaketetan.


5.- Kirol ugari egin zenduzan gaztetan, baina surfa aukeratu dozu. Zer emoten deutsu?

Txikitatik egonezin handiko neskea izan naz, beti mobiduten. Itsasoak eta surfak lasaitasuna emoten deuste. Itsasoa beti dago hor, ez dauka ordutegirik, nahi dozunean joan zaitekez. Alde teknikoan, surfa konplexua da, egunero hobetu zeinke pixka bat eta horrek engantxau egiten dau. Lehiaketetan hasi nintzanean, Frantziara-eta joaten hasi nintzan, ateak zabaltzen hasi ziran eta aurrera egiteko lanean hasten zara.


6.- Gaur egun profesionala zara. Zelan lortzen dozuz babesleak, eurak datoz zugana ala zeu zoaz eurekana?

Hemen surfa ez da kirol jentetsua eta, beraz, neuk joan behar dot babesleen atzetik. Nahi neuke egunen baten eurak nigana etorriko balira! Emoitzek asko laguntzen dabe, baina aparteko lan handia egin behar da babesleei eusteko: Edukiak sortu, babesleen neurriko irudia emon... ikus-entzunezkoak be editetan dodaz sare sozialetan zabaltzeko. Enpresa baten modukoa da azken baten, horrek be loturea dauka nire ikasketakaz, guztiz autonomoa naz eta neu arduratu behar naz guztiaz. Surfean egitea eta irabaztea dira nire helburuak, baina beste alde hori be kontuan izan behar da.


7.- Urte interesgarriak datoz, 2020ko Joko Olinpikoak zerumugan dagozala. Horren aurretik, aurtengo denporaldiari zelan egingo deutsazu aurre?

Gogotsu nago. Lesinoagaitik geldirik egon behar dodanez, perspektibea hartu dot, eta, datorrenari ikarea euki beharrean, gogoz helduko deutsat. Surf denporaldia oso luzea da, ia hamar hilekoa, orduan bakotxak ikusi behar dau noz dagoan sasoiko eta noz ez. Nik, esaterako, denporaldiaren azkenetara heldu nahi dot indartsu, ze hasieran ez naz lehiatuko, lesinoa guztiz osatu arte, prisa barik. Munduko Txapelketea irailean da.


8.- Tokioko Joko Olinpikoetan surfa egongo da. Zein da zure amesa?

Kirolari olinpikoren baten bideo bat ikusten dodan bakotxean, uleak laztu egiten jataz, emozinoa eta atzean dagoan lana ikusten dot bideo horreetan. Han egotea eta dana bizi ahal izatea, egia bihurtutako amesaren parekoa litzateke, oparia. Alde personaletik baino gehiago, alde kolektibotik ikusten dot: Tokion egotea oparia litzateke lagundu deustien guztientzako, babesleentzako... horrek emoten deust motibazinoa eta indarra beti onena emoten ahalegintzeko, gogo barik nagoen egunetan uretara sartzeko.


9.- Ze prestakuntza egiten dozu goi mailan lehiatzeko?

Surfa zaletasun legez egiten badozu ederra da, baina lehiaketetan zabizanean egia da magia hori apur bat galtzen dauela, goi errendimenduko beste edozein kirolen modura. Horregaitik, burua eta motibazinoa ondo landu behar dira. Jakina, malgutasuna, indarra, pisu egokia eta halakoak ondo jagon behar dira. Bestetik, surfean gauza bat da inportantea, entrenamenduetan ikasi eta landu dozun guztia 20 minutuan erakusteko kapaz izatea. Maila bikaina euki zeinke, baina gero, txapelketan, 20 minutuan atera behar dozu hori guztia, presino itzela da. Alor mentala lantzen hasi nintzanetik, nire errendimenduan hobekuntzea igarri dot. Niretzat hori da gatxena, hau da, urteko zortzi hiletan etxetik urrun egon, beti entrenetan, eta gero itsasoan sartu eta 20 minutuan dana erakutsi beharra.


10.- Lehiari, nerbioei eta presinoari aurre egin behar hori zelan daroazu?

Nire kasuan, nerbioak ondo, baina ikareari aurre egiteko modua landu behar izan dot. Urtebete txapelketa baterako prestakuntzan nabil, eta huts egiten badot zer? Zer espero dabe zaleek eta babesleek nigandik? Holakoak pentsetea ez da ona, ze errendimendua bajatzen deutsue eta ez dozu disfrutetan egiten dozunagaz. Profesionaletan hasi nintzanean, neure buruari ipini neutsan helburuetako bat izan zan prozesu guztiagaz gustura geratzea. Holan, lehiaketearen eguna heltzen danean, badakizu etxeko lanak eginda zoazela, eta emoitzea edozein dala be, uretatik irribarre bategaz urtengo dozula.


11.- Surfean, emakumeen eta gizonei emoten jaken tratua desbardina da?

Pausu handi batzuk egin doguzala uste dot, baina egiteko asko geratzen da. Aldaketa horren parte izan nahi neuke. Surfa kirol oso sexistea izan da, estereotipoa beti izan da mutilak surfean eta neskak hondartzan, bikinia jantzita, hareei begira. Pixkanaka onartu dogu emakumeok bikinian egon gaitekezela, baina uretan surfean be bai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu