Hastear da 6. Euskerearen Ginkanea
2019-01-18 10:10 Euskerea berbagaiEuskerea eta hizkuntza-ekologia ardatz dituan taldekako lehiaketea da.
Kutxa Ekoguneak, Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean, Euskerearen Ginkanearen 6. edizinoa ipini dau martxan. Izena emoteko epea zabalik dago, eta lehenengo probea urtarrilaren 23an hasiko da. Hizkuntza-praktika ekologikoak eta ondo pasetea oinarri, euskerea bultzatzea da helburua.
Urterik urtera zabaltzen doan ekimena da Ginkanea. Hasieran, Gipuzkoan baino ez zan egiten, bakarka. Gaur egun, Euskal Herri osorari edegi deutsie, eta taldekako formatuaren alde egin dabe. Aurreko urteetan, 80 talde baino gehiagok hartu dabe parte.
Fase bi izango ditu Euskerearen Ginkaneak. Lehenengoa urtarrilaren 23tik zezeilaren 27ra bitartean egingo dabe. Webgunean astero agertuko diran probak gainditu beharko ditue taldeek. Bigarren fasea finala izango da, martiaren 9an Donostiako Tabakaleran. Lehen fasean puntu gehien batu daben lau taldeek jokatuko dabe final handia.
Zabalik dago izena emoteko epea, urtarrilaren 30era arte, egun horretan amaitzen dalako lehenengo probea gainditzeko epea. Euskerearen aldeko proiekturen bat bultzatu, sortu edo babesten daben taldeek hartu leikie parte, lau eta sei lagun artekoak. 16 urtetik gorakoak izan behar dira partaide guztiak. Talde informalak zein alkarteak onartuko ditue.
Izena emoteko orduan, talde bakotxak bere burua aurkeztu beharko dau, eta euskerearen aldeko zein proiektu babesten dauen azaldu, bideo labur baten. Lehiaketearen oinarriak eta izena emoteko argibide zehatzak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!