Herri Urrats 2019, 'LK'
2019-01-18 08:05 Euskerea berbagaiMaiatzaren 12an egingo dabe Seaskako ikastolen aldeko jaia, Senperen.
Lehen begiratuan, lelo bitxia eta ulertezina emoten dau aurtengoak, LK. Baina horreek letra biak segiduan irakurri ezkero, hortxe agertuko jaku eleka berbea, hau da, berbetan edo barriketan. Hori da, hain zuzen be, 2019ko Herri Urratsek zabaldu nahi dauen mezua, euskerearen erabilerearena. 2018aren amaieran, 200.000 lagun baino gehiagok hartu eben erabilerearen aldeko konpromisoa Euskaraldian, Ipar Euskal Herrian 6.000 inguruk.
Euskerea ikastea, euskeraz ikastea eta euskeraz berba egitea, gure hizkuntzaz gozetako ezinbesteko urratsak dirala dino Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen alkarteak. Geroz eta ikasle gehiagok egiten dabe euskerearen aldeko aukerea: Aurten, administrazinoaren traben ganetik, 4.000 bat neska-mutil dabiz Seaskaren sarean, Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan.
2019ko Herri Urrats jaiaren lehenengo detaileak emoteko agerraldian, LK leloak esangura ugari dituala azaldu dabe Seaskako arduradunek. Hau da, LK bada eleka, bada euskeraz berba egiteko deia. Baina Lizeo eta Kolegio berben lehenengo letrak be badira. Hain zuzen be, edizino honetan batutako dirua Bernat Etxepare Lizeoari eta Estitxu Robles Arangiz kolegioari laguntzeko izango da.
Ganera, aurten 50 urte bete ditu Seaskak. Zenbaki erromatarretan, L da 50. Eta K, ostera, pluralak sortzeko euskerazko letrea. Ikastolak gero eta gehiago diralako, gero eta ikasle gehiagodunak. 2019ko Herri Urratsen fetxea eta lekua asmatzen errazak izan dira, LK leloaren atzean dagozan esangura izkutuen aldean: Maiatzaren 12an egingo dabe, betiko lekuan, Senperen.
Hurrengo egunetan Herri Urratsen ganeko datu gehiago zabalduko ditue. Esate baterako, kantua. Maddalen Arzallus bertsolariak idatzi ditu berbak, eta ETS talde arabarrak musikatu dau. Hilaren 19an eta 20an grabauko dabe.
Herri Urratsi laguntzeko ohiko bertso saioa, Bectso Saioa dalakoa, zezeilaren 10ean egingo dabe, 16:00etan. Aurten, Baionan barik, Senperen izango da. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak egongo dira oholtzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!