Publikoak Bilbao Arena beteko dau Feroz Sarietan
2019-01-17 10:57 ZinemeaZapatuan egingo dan galarako 2.400 sarrera saldu dira.
Pozik agertu da Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Feroz Sarien galea aurkezteko ekitaldian. Izan be, galea Madrildik kanpo egiten dan lehenego aldia izango da, eta Bilboko publikoak ederto erantzun dau. Erabagi barritzailea da era horretako gala batera publiko arruntari sartzen ixtea, eta zaleek ez dabe aukerea alferrik galdu: Sarrera guztiak berehala agortu ziran, eta gehiago atera behar izan zituen, danetara 2.400.
Zinemea maite dauen uria da Bilbo, Aburtoren ustez, kultura osoagaz konpromisoa dauen metropolia. Udaletxean egindako agerraldian, alkateagaz batera, Maria Guerra AICE alkarte antolatzaileko presidentea eta Ingrid García-Jonsson galako aurkezlea be egon dira. Bilboko Udalari eta herritarrei eskerrak emon deutsez Guerrak, zinemearen aldeko apustua egiteagaitik.
Ingrid García-Jonssonek aurreratu dauenez, umorearen bidetik joko dabe galea aurkezteko. Gaur-gaurko gaiak eta zinemagintzearen lorpenak irribarrez errepasetea da asmoa. Alde horretatik, igazko galearen antzekoa izango da Bilbokoa, baina bertoko erreferentzia batzuk sartuko dituela agindu dabe antolatzaileek.
Galea 20:00etan hasiko da, Bilbao Arenako harmailak bete-beterik dagozala. Feroz Sarietan hautagaitza gehien dituen filmak El reino (10), Quién te cantará (8), Todos lo saben (6), Petra (5), Carmen y Lola (4), Viaje al cuarto de una madre (4) eta Campeones (4) dira. Telesailetan Arde Madrid nabarmendu leiteke, zazpi hautagaitzagaz.
Berbaldia Guggenheimen
Galea hasi aurretik ezagutzen dogun saritu bakarra José Luis Cuerda zuzendari, gidoigile eta produktorea da. Ohorezko Feroz Saria emongo deutsie, Espainiako zinemagintzeari egin deutsan ekarpen oparoagaitik.
Bilboko Guggenheim Museoak azaldu dauenez, galearen bezperan, barikuan, berbaldia emongo dau Cuerdak museoko entzungelan, arratsaldeko 18:30ean. María Guerra moderatzaile dala, hedabideetako kazetariakaz eta publikoagaz barriketaldia egingo dau zinemagileak. Kasu honetan be, publikoarentzako sarrerak agortu egin dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!