Ingrid García-Jonssonek aurkeztuko dau 2019ko Feroz Sarien galea
2018-12-19 08:02 ZinemeaBilbao Arenan egingo da 2019ko Feroz Sarien galea, urtarrilaren 19an.
Raul Diaz, Alvaro Velasco eta Mario Diazen gidoia oinarri, hainbestetan saritutako aktoreak ikus-entzunezkoen industrian sona handienetakoa dauen zeremonia aurkeztuko dau. Eginkizun hau lehenengo edizinotik nabarmendu da: orduan Alexandra Jimenezegaz, eta ondoren be, Bárbara Santa-Cruz, Silvia Abril, Antonio de la Torre eta igaz Julian Lopezegaz.
Ingrid García-Jonssonek (Skelleftea, Suedia, 1991) ama suediarra eta aita kordobarra ditu, Sevillan hezi eta Madrilen bizi da. Txiki-txikitatik hasi zan antzezpenaren munduan. Artean umea zalarik, andaluziar uriburuko zenbait eskolatan ikasi eban. Madrilera heltzeaz batera salto profesional handia egin eban, izan be, film laburretan zein webserietan parte hartu eta telebista serietan zein pelikula independienteetan papel laburrak lortu zituan.
Lehenengo aukera handia Aliados serie argentinarragaz heldu jakon, bertan protagonistea izan zalako. Hermosa Juventud film luzeak nazinoarteko ospea ekarri eutson; Jaime Rosalesen film horri esker, Canneseko Jaialdian industriaren eta prentsa espezializatuaren onarpenaz gan, hainbat izentapen be jaso zituan: 2015eko Goya sarietan Emakumezko Aktore Barririk Onenari, eta Emakumezko Aktore Onenari Feroz, Forqué, CEC eta Gaudi sarietan.
Urte horretan produkzino handietan ibili zan: Kike Mailloren Toro, Helena Tabernaren Acantilado, Koldo Serraren Gernika eta Apaches telesaioan. 2016tik zortzi film luze errodau ditu, baita estreinau barik dagoan Instinto seriea be. 2019rako proiektu ederra dauka: Kanariar Ugarteetan grabauko dauen film luzea.
Belaunaldi-erreferente honen palmaresean, aitatutako onarpenez aparte, nabarmentzekoak dira Sant Jordi edo Asecan sariak, eta oraintsu eskuratutako Huelvako Zine Iberoamerikarraren Jaialdiko Argia saria.
Barriemoile Zinematografikoen Alkarteak (AICE) 2014tik antolatzen ditu Feroz Sariak. Talde horretan dagoz telebistan, irratian, prentsan eta Interneten zinemeari buruzko informazinoa emoten daben 200 kazetari eta kritikari baino gehiago. Orain, Feroz Sariek Bilboko Udalaren babesa eta L’Oréal Professionnel eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) laguntzinoa dabe.
Aurten, film dramatikorik onenaren Feroz Sariko hautagaiak El reino (10), Quién te cantará (8), Todos lo saben (6), Petra (5), Carmen y Lola (4) eta Viaje al cuarto de una madre (4) dira. Komediako filmik onenaren atalean dagoz Campeones, lau sarirako hautagai izanik, Casi 40, Mi querida Cofradía, Superlópez eta Tiempo después.
Telesailetan nabarmentzekoak dira Arde Madrid zazpi hautagaitzagaz, gero El día de mañana bostegaz, Paquita Salas eta Vergüenza laugaz, Fariña hirugaz, La peste (2), Élite, Gigantes, Mira lo que has hecho eta Vis a vis.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!