José Luis Cuerdari emongo deutsie Ohorezko Feroz Saria

Bizkaie! 2018-12-28 07:57   Zinemea

Urtarrilaren 19an Bilbon egingo dan galan hartuko dau.

José Luis Cuerda zuzendari, gidoigile eta produktoreari emongo deutsie Ohorezko Feroz Saria, bere biografia Espainiako zinemagintzearen historia bizia dalako, María Guerra AICE (Espainiako Zinema Informatzaileen Alkartea) erakunde antolatzaileko presidentearen arabera. VI. Feroz Sariak Bilbon emongo ditue urtarrilaren 19an, eta hantxe egingo deutsie omenaldia Cuerdari.

Sari gehiago be eskuratu leikez Cuerdak Bilboko ekitaldi horretan. Izan be, abenduaren 28an estreinauko dauen Tiempo después lana hautagaia da. Roberto Álamo, Blanca Suárez, Carlos Areces, Berto Romero, Joaquín Reyes eta Arturo Valls aktoreak agertzen dira pelikula horretan.

Albaceten jaio zan José Luis Cuerda, 1947an. Espainiako telebista publikoan hasi zan beharrean eta, han batutako esperientzia lagun, zinemagintzara salto egin eban. 1977an zuzendu zituan El túnel eta Mala racha film laburrak. Lehenengo lan luzea 1982an zuzendu eban, Pares y nones. Bost Goya sari irabazi zituan handik lasterrera, El bosque animado-ri esker.

Espainiako zinemagintzan esanguratsuak diran beste film batzuk honeek dira: Amanece que no es poco; La lengua de las mariposas; La educación de las hadas; La marrana, eta beste asko. Telebistan Makinavaja telesaila zuzendu eban Cuerdak, eta zinemagile ezagunen proiektuen produktore izan da, esaterako, Alejandro Amenabarren Tesis, Abre los ojos eta Los otros.

2014tik emoten ditue Feroz Sariak. Hortaz, 2019ko urtarrilekoa seigarren edizinoa izango da. Cuerdaren aurretik, Ohorezko Saria honeek irabazi dabe: José Sacristán, Carlos Saura, Rosa María Sardà, Chicho Ibáñez Serrador eta Verónica Forquék.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu