Onintza Enbeita, Bizkaiko Sagardaoaren ordezkari

Bizkaie! 2019-01-17 09:21   Jan edanak

Hilaren 23an egingo dabe aurtengo lehenengo txotxa.

Onintza Enbeita, Bizkaiko Sagardaoaren 2019ko enbaxadorea | Ikusi handiago | Argazki originala

Negu betean eta urtea hasi barri, sagardaoa kupeletik edalontzira eroateko ordua heldu da. 2019ko denporaldia hasten dabiz egunotan Gipuzkoako sagardotegi ospetsuetan, eta Bizkaiak be datorren astean ekingo deutso. Eguaztenean, urtarrilak 23, izango da Bizkaiko txotx denporaldia hasteko ekitaldia, Zornotzako Uxarte sagardotegian.

Bizkaiko Sagardaogileen Alkarteak aurreratu dauenez, 2019an enbaxadore berezia izango dabe, Bizkaiko sagardaoaren onuren barri Euskal Herri guztian eta munduan zabaldu deian. Onintza Enbeita bertsolari muxikarra izango da aurtengo ordezkaria. Azken aldion, komunikabideetan sarri ikusi dogu Enbeita, Euskal Telebistan aurkezten dituan saioei eta Berria-n idazten dituan zutabeei esker. Hori gitxi balitz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi eban abenduan.

Sagardao barria lehenengoz probetako ekitaldia eguaztenean, goizeko 11:30ean, hasiko da. Han izango dira Onintza Enbeita eta Sagardaogileen Alkarteko buru Aitor Intxaurraga. Egun horretatik aurrera, bisitariak hartzeko prest egongo dira Alkarteko kide diran sagardotegi eta bodegetan.

Laka-Erdi (Berriatua), Etxebarria eta Eguskiza (biak Gatikan), Erdikoetxe (Lezama), Laneko (Gizaburuaga), Etxerriaga eta Uxarte (biak Zornotzan) eta Axpe (Markina-Xemein) dira horreek produktoreak. Sagardaogileen Alkarteak ziurtatu dau Bizkaiko sagarrak baino ez dituela erabilen sagardaoa egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu