Argitalpen digital barriak aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak Iruñean
2019-01-17 08:41 Euskerea berbagaiMendeurreneko Biltzarra egiten dabiz gaur eta bihar Nafarroako uriburuan.
Hemeretzi hizlarik hartuko dabe parte, gaur eta bihar, Iruñeko Baluarten egiten dabizan jardunaldi akademikoan. Euskaltzaindiaren mendeurrenaren kontura antolatu diran topaketetatik hirugarrena da, eta Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi- XXIII. Jagon jardunaldia da goiburua.
Akademiak azaldu dauenez, biltzarra aprobetxauko dau argitalpen digital bi jentaurrean aurkezteko. Euskaltzaindiak Jagon saileko Sustapen batzordearen lana indartu nahi dau, arlo horretan egin dituan ekarpenak Iruñean agertuz, azaldu dabe jardunaldiaren arduradunek. Lehenik eta behin, Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2018) bildumea aurkeztuko dabe. Ondoren, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz argitaraldi elektronikoaren barri emongo dabe Akademiako kideek.
Horrezaz gan, barikuan, hizkuntza gitxiagotuetan lanean dabizan hainbat erakunde eta akademiaren arteko alkarlanerako lehenengo pausua emongo dabe. Konpartidutako kezkei aurre egiteko eta alkarren barri izateko tresnea sortzea da asmoa.
Gaurko saioa goiz eta arratsaldekoa izango da, biharkoa goizez baino ez. Hizkuntza gitxiagotuak izango dira Jagon Jardunaldi honen ardatza eta, horrenbestez, nazinoarteko aditu ugarik egingo dabe berba: Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d’Estudis Catalans), eta Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea), besteak beste, Iruñean dagoz.
Horrezaz gan, Euskaltzaindiko eta euskerearen alorreko aditu askok hartuko dabe parte jardunaldian. Gaur (19:30), irakurraldia egongo da Bernardo Atxaga eta Jose Cruz Gurrutxagaren eskutik; bihar, abesbatzen emonaldia. Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!