'Ezezaguna' zikloa Bilbon eta Donostian egingo dabe

Bizkaie! 2019-01-17 08:03   Zinemea

Zinema eta zientziari buruzko zikloa hil honen 19an hasiko da.

Bilbon aurkeztu dabe zikloa (argazkia: Euskadiko Filmategia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) Euskadiko Filmategiagaz antolatutako zikloaren bigarren edizinoa egingo dabe urtarriletik martira. Oraingoan, baina, Donostia ez da izango egoitza bakarra, saio batzuk Bilbon egingo ditue eta. Kontuan izan behar da, 2018ko urria ezkeroztik, Bilboko Arte Eder Museoa Filmategiaren egoitza bihurtu dala, Tabakaleragaz batera, eta horrek eragin dau aldaketea.

Zientzia fikzinozko hamabi film proiektauko ditue Ezezaguna leloa daroan zikloan. Saioetako aurkezpenak ibilbide oparoko zientzialariek egingo ditue. Centro de Biología Molecular Severo Ochoa CSIC-UAMeko, EHUren Materialen Fisika Zentroko, Donostia International Physics Centerreko, Ikerbasqueko eta Nafarroako Unibersidade Publikoko adituak izango dira.

Pelikulen artean, gaur egungo zientzia fikzinoaren erakusgarri diran lanak egongo dira. Esate baterako, Damien Chazelleren First Man eta Ridley Scotten The Martian. Era berean, genero horretako klasikoak be proiektauko ditue: The Incredible Shrinking Man (1957), Blade Runner (1982)...

Lehenengo emonaldia urtarrilaren 19an izango da. Stanley Kubrick zinemagile handiak zuzendutako 2001: A Space Odyssey (1968) ikusi ahal izango da Bilboko Arte Eder Museoan, 19:00etan. Pedro Miguel Etxenike zientzialariak emongo ditu azalpenak. Donostiako Tabakaleran zein Bilboko museoan, saio bakotxean film bat emongo dabe, Bang Bang Zinema dalako ekimenean izan ezik. Egun horretan, Blade Runner klasikoa eta oraintsu plazaratutako Blade Runner 2049 proiektauko ditue alkarren atzetik. Martiaren 2an izango da saio berezi hori, Arte Eder Museoan.

Ganera, berbaldiak eta mahai-inguruak sartu ditue egitarauan. Bilbokoen kasuan, Bidebarrieta liburutegian izango dira. EHUko Ana Zubiagak Zaude lasai, guztiok gara mosaiko genetikoak-eta izenburuko berbaldia emongo dau zezeilaren 20an, eta martiaren 6an, DIPCeko Raúl Anguloren txandea izango da.

Saio bakotxeko sarrerea 3,50 euro izango da. Bilboko emonaldietan, Arte Eder Museoko lagunentzat merkeago izango da, eta 25 urtetik beherakoak doban sartu ahal izango dira. Berbaldiak doban izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu