Alex Txikon K2ko Behe Kanpalekura heldu da
2019-01-16 13:45 Euskaldunak munduanIa astebeteko bidea egin behar izan dabe oinez.

Hilaren 10ean urten eben Alex Txikonek eta espedizinoko kideek Baltoroko glaziarraren ingurutik, K2 mendiaren Behe Kanpalekua helburu. Edur, izotz eta harrizko pasabide arriskutsu baina ederretatik, zortzi bat eguneko trekkinga egitea zan aurreikuspena. Azkenean, sei egun pasautxu behar izan ditue espedizinoko lehenengo helmuga garrantzitsura heltzeko.
Altuerara girotzen hasteko balio izan deutse egunotako zeharkaldiak espedizinoko kideei. Izan be, 3.000 metro inguruko altueran hasi eben trekkinga, eta K2ko Behe Kanpalekua 4.900 metroan dago. Hurrengo asteetan bizileku izango daben kanpalekua atondu eta hornidutea izango da lehenengo zeregina eta, ondoren, K2ko bidean gora hasiko dira Txikon eta kideak, ingurua ondo ekipetako asmoz.
Karakorum mendilerroan dago K2 mendia (8.611 m), munduko tontorrik altuenetan bigarrena, eta zortzimilako arriskutsuenetako bat da. Orain arte, inork ez dau neguan igon. Hortaz, erronka gogorra daukie aurretik espedizinoko kideek.
Orain arte, aurreikusitako moduan eta atzerapen barik dabil espedizinoa. Urtarrilaren 5ean heldu ziran Pakistaneko uriburu Islamabadera, eta han Poloniatik etozan kide biakaz bat egin eben. Hilaren 6an Skardu menditsuraino joan ziran, autobusean, gorabehera handiko bidaian. Askol herrian amaitu zan errepidea, eta handik abiatu ziran Behe Kanpalekura, oinez. Aurrerantzean bai, K2ren ezusteko arriskuak hasiko dira, eta Txikonek eguraldi aproposari itxaron beharko deutso tontorreko bidean gora egiten hasteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!